Espainia Europako Internet erabileraren azken postuetan

Eurostatek emandako datuen arabera Espainiako etxeak Europa mailan Internet gutxien erabiltzen dituztenen artean aurkitzen dira. Holanda, Luxemburgo eta Norbegia dira sailkapen honen buruan, bertako etxebizitzen %90a konektatuta baitago

Europako etxebizitzen %70ak Interneterako konexioa du Eurostatek “Level of Internet Access” ikerketaren bidez aditzera eman dituen arabera. Aurreko ikerketaren emaitzekin alderatuta, kopuru hau ehuneko bostean hazi da, baina oraindik ere, estatuen artean alde nabariak izaten jarraitzen du. Horrela, Espainia erabilpen gutxien duen estatua da, bertako etxebizitzen %59ak soilik konexioa baitu. Europa osoan bezala, Espainian ere konexioak hazi egin dira baina horrek ez dio balio izan azken postuak uzteko. Espainiaren atzetik, bakarrik, Italia, Zipre, Portugal, Grezia, Errumania eta Bulgaria aurkitzen dira. Kontrako egoeran. hots, sailkapenaren lehen postuetan, Holanda, Luxemburgo eta Norbegia aurkitzen dira, estatu hauetan, Internet konexioa duten etxebizitzen ehunekoa 90 puntutik gorakoa delarik. Europan den bataz bestekoaren gainetik dauden bestelako estatuak honako hauek dira: Suedia, Danimarka, Alemania, Erresuma Batua, Finlandia, Frantzia, Belgika, Austria, Irlanda eta Malta. Europako bataz bestearen azpitik, baina Espainaren gainetik aurkitzen diren estatuak dira: Estonia, Eslovenia, Eslovakia, Txekiar Errepublika, Polonia eta Lituania. Espainiaren antzeko datuak Letonian eta Hungarian lortu dituzte. Zentzu honetan, emaitzarik okerrenak lortzen dituzten estatuak Errumania eta Bulgaria ditugu, %42 eta %33ko kopuruekin hurrenez hurren.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.