Abian Araba Talent beken lehen edizioa

Beka lortzen duten ikasleek nazioarteko unibertsitateek eta negozio eskolek irakatsitako ‘prestigio handiko’ programetan trebatzeko aukera izango dute

Arabako bost enpresak bat egin dute Arabako Foru Aldundiarekin Araba Talent beka programaren lehen edizioan. Arabako ikasleei prestigio handiko programetan trebatzeko aukera emango dien programan parte hartuko duten enpresak honako hauek dira: EGA Master, BH, Serikat, Araukaria eta Herdit. Araba Talent beka programa lurraldeko ikasleei zuzentzen zaie. Bertan parte hartzen duten enpresetan sartu ostean, gazteek nazioarte mailan erreferente diren zentroetan trebatzeko aukera izango dute.

Deialdiak Arabako enpresa-sarean identifikatu diren trebakuntza handiko talentu beharrei erantzun nahi dio.

Lehen edizioa

Bere lehen edizioan, programaren ardura nagusia Euskadiko Familia Enpresaren Elkartearekin (AEFAME) harremana duten enpresekin harremana duten esparru estrategikoetan Arabako talentu gaztea trebatzea eta atxikitzea izango da.

Beka lortzen duten ikasleak nazioarteko unibertsitate eta negozio eskolek irakatsitako programetan trebatuko dira. Lehen edizio honetan ikasleak Portugalen, Italian, Herbehereetan, Erresuma Batuan eta Belgikan trebatzeko aukera izango dute.

Behin espezializazio ikasketak amaituta, ikasleak Arabako enpresa-sareko erreferentziazko enpresen proiektu estrategikoetan hasiko dira lanean.

Bekak ikastaroaren matrikula, bidaiak, bisak, egoitza-baimena, ostatu, mantenu, ikas-material eta aseguru gastuak estaliko ditu.

Beka lortu nahi duten ikasleek arabatalent.eus web gunean erregistratu beharko dute eta, ondoren, bertan proposatzen diren formakuntza programa bat aukeratu beharko dute. Beka eskatu ahal izateko, hautagaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: Arabako udalerriren batean erroldatua egotea, gutxienez, urtebeteko antzinatasunarekin; gradu mailako titulu bat izan; izena ematen den programan eskatzen diren baldintzak bete; eta, formakuntza programarako eskatzen den gutxieneko hizkuntza-maila egiaztatu.