Azalaren silueta ikusita zein herrialde den asmatzeko gai al zara?

Worldle jokoan herrialdeak asmatu behar dira haien azaleraren silueta ikusita. Euskal Herriko udalerriak asmatzeko bertsioa ere bada.

Zalantzarik gabe, Wordle, hitzak asmatzeko jokoa, aurtengo moda-jokoa bilakatu da. Arrakasta hori aprobetxatuz, jokoari hainbat imitatzaile atera zaizkio. Nerdle jokoan, adibidez, matematika-eragiketak ebatzi behar dira eta Worldle jokoan, berriz, munduko herrialdeak asmatu behar dira haien azaleraren silueta ikusita. Azken horren bertsioa kaleratu du Talaios Kooperatibak: WorldlEH. Kasu horretan, Euskal Herriko udalerriak asmatu behar dira.

Worldle jokoan ere sei saiakera daude proposatzen den herrialdea (udalerria euskal bertsioaren kasuan) asmatzeko. Egunero mapa bat aurkezten da. Saiakera bakoitzaren ostean erantzuna zuzena den ala ez azalduko da. Zuzenak ez diren erantzunen kasuan, erantzun zuzena den herrialdera/udalerria zein distantziara eta zein norabidean dagoen azalduko da. Pista horiekin erantzun zuzena asmatu behar da.

Jokoa urtarrilaren 30ean merkaturatu da eta Frantziako garatzaile batek diseinatu du. Bi aste geroago, garatzaileak Twitter-en iragarri zuen milioi erdi pertsonak baino gehiagok jokatu zutela Worldle egun bakar batean. Otsailaren 14an, “Worldle” terminoa Google Trends-en laugarren postuan zegoen, AEBetan 200.000 bilaketa baino gehiagorekin.