Metak itzultzaile orokor bat garatu nahi du

Metak azaldu duenez, munduko biztanleriaren % 50aren ama-hizkuntza ez da gehien hitz egiten diren hamar hizkuntzen artean aurkitzen

Metak, Facebooken enpresa nagusiak, adimen artifizialean oinarrituko den itzultzaile orokor bat gartu nahi du. Bere blog ofizialeko argitalpen batean azaldu denez, adimen artifiziala erabili nahi da itzultzaileak munduan hitz egiten diren hizkuntza guztiak ikas ditzan. Hortaz, munduko pertsona guztiek erabili ahal izango duten itzultzaile bat garatu nahi dute.

Gaur egun adimen artifizialean oinarritzen diren itzultzaileek ezin dute munduan erabiltzen diren ehunka hizkuntzekin lan egin.

Metak azaldu duenez, munduko biztanleriaren % 50aren ama-hizkuntza ez da gehien hitz egiten diren hamar hizkuntzen artean aurkitzen. Ondorioz, milaka milioi pertsonak arazoak dituzte Interneten den informazioaren ehunekorik handienera arazorik gabe sartzeko. Izan ere, Metak adierazi duenez, munduan diren web guneen erdiak baino gehiagok bere edukiak ingelesez ditu.

Ahalik eta hizkuntza gehien

Metaren xedea da adimen artifizialean oinarrituko den itzultzaile berria, gutxienez, munduan hitz egiten diren 100 hizkuntza nagusiak ikasteko gai izatea lortzea. Puntu horretan, adimen artifiziala gai izango litzateke bat-bateko itzulpenak egiteko.

Blogeko sarreran ez da inolako datarik aipatzen eta, momentuz, ez dago garbi horrelako itzultzaile bat noizko egon daitekeen prest.

Adituen ustez, horrelako proiektu batek denbora asko behar du. Hortaz, epe luzerako egitasmo baten aurrean izango ginateke.