Ba al dakizu zer den sextinga edo sexgroominga?

Gasteizen antolatu den gazteentzako tailer batek sare sozialak eta indarkeria matxistak jorratuko ditu

Ziber-jazarpenak eta hainbat indarkeria matxistak jatorria dute sare sozialen eta bestelako plataforma digitalen erabilera okerrean. Fenomeno hori ageriagoa da gazteen artean eta sexu-indarkerien kasuan.

Horren inguruan sakontzeko, datorren martxoaren 11n eta 12an, Gasteizko Etxanobe Jauregian, ‘Sare sozialak eta indarkeria matxistak’ izeneko tailerra burutuko da. Tailerra doakoa izango da eta 13 eta 18 urte bitarteko gaztei zuzentzen zaie. Euskaraz eta gaztelaniaz irakatsiko da.

Tailerrean errespetuzko harreman afektibo sexualetan adostasunak duen garrantzia azpimarratuko da. Horrez gain, harremanak eta sexualitatea ziber-indarkeriarik gabe eta osoki bizi ahal izateko aukera eman dezaketen tresnak eta teknikak jorratuko dira.

Tailerrean parte hartzeko ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.