30 segundoko 1.000 abesti

The Pocket Gods taldeak minutu erdiko mila abesti dituen diskoa kaleratu du Spotifyn tarte hori nahiko baita erreprodukzio gisa kontabilizatzeko

Asko dira Spotify bezalako plataforma digitaletan egiten diren erreprodukzioengatik lortzen dituzten etekin eskasengatik kexu diren artistak.

The Pocket Gods talde britainiarrak streaming musikaren munduan liderra den Spotify konpainiaren arreta deitzeko modu bitxi bat aurkitu du. Taldeak 30 segundoko iraupena duten mila abesti biltzen dituen diskoa argitaratu dute: “1.000×30 – Nobody Makes Money Anymore”. Izan ere, hori da Spotifyn eskatzen den gutxieneko iraupena erreprodukzio gisa kontabilizatzeko.

Taldeko liderra den Mark Christopherrek azaldu duenez, horrelako diskoa argitaratzeko ideia The Independent egunkarian argitaratu zen artikulu bat irakurri ostean bururatu zitzaien. Bertan, Mike Enrico irakasleak azaltzen zuenez, Spotifyn erreprodukzio gisa bakarrik kontabilizatzen hasten dira abestiak, gutxienez, 30 segundoz entzun ondoren. Hori ikusita, taldeak abesti luzeagoak egiteak ez zuela merezi ikusi zuen, plataformak lehen 30 segundo horiengatik bakarrik ordaintzen baitu.

Spotifyk 0,002 euro ordaintze die artistei abesti baten erreprodukzio bakoitzeko. Beraz, euro bakar bat irabazteko 500 erreprodukzio behar dira. Kopuru hori nahikoa izan daiteke talde handientzat, milioika erreprodukzio dituztelako. Baina talde eta musikari ez hain ez ezagunen kasuan, sarrera xeheak dira.

Kontuak kontu, talde ingelesaren estrategia ona izan dela baiezta daiteke; izan ere, oso denbora tarte laburrean 600.000 erreprodukzio izatea lortu dute. Diru aldetik ez da gauza handiegia (1.200 euro), baina Spotifyren fundatzaile Daniel Ek-ek, jada, bilera bat eskatu die. Bertan azaldu duenez, etorkizunean nagusi izango den joerara aurreratu dira. Ek-en ustez, epe laburrean abestiak minutu erdi baino gutxiagoko iraupena izango dute, TikTok sarean bezala.