Twitch amen-omenen kontra

Streamer-en plataformak zuzeneko emanaldiak debekatuko dizkie sarritan faltsukeriak partekatzen dituzten horiei

Twitch plataformak bere desinformazio politikak eguneratu ditu eta sarritan amen-omenak, berri faltsuak eta, oro har, faltsua izateagatik komunitatea kaltetu dezaketen edukiak partekatzen dituzten horiek kanporatuko dituela iragarri du. Irizpide berriek Covid-19aren inguruan esaten diren faltsukeriengatik ezarri omen dira, baina Ukrainako gerri buruz zabaltzen ari den informazioari ere eragiten dio. Hortaz, Twitch-etik azaldu dutenez, “etengabe datu okerrak eta kaltegarriak zabaltzen dituzten desinformazio zabaltzaileak blokeatuak izango dira”.

Konpainiak berak adierazi duenez irizpide aldaketa horrek 100 kontu baino gutxiagori eragingo die. Hortaz, badirudi jada buruan dutela blokeatu nahi dituzten kontuak. Horrek esan nahi du eragindako erabiltzaileen estimazioa eginda dagoela eta aldaketa plataforman oso berriki gertatu diren ekintzei erantzuteko egin dela.

Desinformazioa

Hemendik aurrera zabaltzen diren kontu berriek hainbat desinformazio irizpide bete beharko dituzte. Eduki-sortzaileek ezin izango dituzte Covid-19aren kontrako txertoen, hauteskunde-iruzurraren edo tratamendu mediko arriskutsuekin lotutako konspirazio-teorien  inguruan gezurrak zabaldu. Era berean, ezin izango da indarkeria sustatzen duten edo larrialdietan segurtasun publikoa arriskuan jar dezakeen edozein informazio zabaldu. Azken puntu hori bereziki Ukrainako egungo egoerari buruz gezurrak zabaltzen dituzten Errusiako estatu-hedabideen kanalei aplikatzen zaie.