Danimarka da Interneterako konexiorik onena duen herrialdea

Herrialde aberats eta pobreen arteko eten teknologikoa izugarria da eta pobreenetan konexio-kostua askoz garestiagoa da

164 herrialdetako konexioak aztertu ondoren BroadbandChoices konpainiak egiten duen sailkapenaren arabera, Danimarka da Interneterako konexiorik onena duen herrialdea. Sailkapen horretako podiuma AEBek eta Liechtensteinek osatzen dute. Espainia sailkapen horren 15. postuan aurkitzen da, aurreko urtean baino hiru postu gorago. Sailkapen hori egiteko, besteak beste, honako aldagai hauek hartzen dira kontuan: abiadura, prezioa eta datu mugikorren GB bakoitzaren prezioa. Horietan eta bestelako aldagai batzuetan lortutako puntuazioarekin herrialde bakoitzari nota bat ematen zaio.

Abiadurari dagokionez, konexiorik azkarrena duen herrialdea Liechtenstein da. Bertan, deskargarako batez besteko abiadura 75,7 Mbps-koa da. Liechtenstein oso herrialde txikia da; bertan 39.000 pertsona inguru bizi dira eta gehienek erosteko ahalmen handia dute. Ondorioz, biztanleria ehuneko handi batek abiadura handiko konexioak ordaintzeko gaitasuna du.

Estatuan, batez besteko abiadura 24,1 Mbps-koa da, AEBn den abiaduratik oso gertu (27,4 Mbps). Arlo horretan Britainia Handia, Kanada edo Frantzia bezalako herrialdeen gainetik aurkitzen da Espainia.

Datu Mugikorrak

Sailkapen horren arabera, Estatuan, batez beste, 2,2 dolar ordaintzen dira datu mugikorretako GB bakoitzeko. Beste zenbait herrialderekin alderatuta oso prezio baxua da. AEB, adibidez, hirukoitza ordaintzen dute; Japonian, bikoitza; eta, Suitzan, lau aldiz gehiago.

Prezioaren kasuan, Espainian, batez beste, 43,9 dolar ordaintzen dira hilero. Kasu horretan, Europako batezbestekoa baino altuagoa da. Arlo horretan, herrialderik merkeena Ukraina eta Errusia dira; bertan,  6 eta 7 dolar ordaintzen dituzte, hurrenez hurren. Hori bai, batez besteko abiadura 10Mbps-koa besterik ez da.

Sailkapen horrek agerian uzten duen beste datu kezkagarri bat honako hau da: herrialde aberats eta pobreen arteko eten digitala gero eta handiagoa da. Gainera, herrialde pobreenetan konexioak garestiagoak dira. Adibidez, Mauritanian Interneterako konexioa izateko, hilero, 742 dolar ordaindu behar dira; Burundin 300 dolar baino gehiago eta Etiopian ia 200.