Europako Parlamentuak ez du bateria integraturik nahi

Helburua da bateriak ekoizteko beharrezkoak diren lehengaiekiko mendekotasunarekin amaitzea eta gailu osoa bateriaren bizitza baliagarriaren amaieran bota behar izatea saihestea

Berriz kargatzeko bateriak eta pilak gero eta ohikoagoak dira hainbat produktutan: ordenagailu eramangarrietan, xurgagailu robotikoetan, ibilgailu elektrikoetan… Hori dela eta, Europako Parlamentuak pila eta baterientzako araudi zorrotzago bat nahi du, aipatu gailu horiek guztiak jasangarriagoak eta ordezkatzeko errazagoak izan daitezen. Helburua da bateriak ekoizteko beharrezkoak diren eta Europan urriak diren litioa edo kobaltoa bezalako lehengaiekiko mendekotasunarekin amaitzea eta gailu osoa bateriaren bizitza baliagarriaren amaieran bota behar izatea saihestea.

Hortaz, Europako Parlamentuak planteatzen duena da EBko araudi berriek bermatzea bateriak modu jasangarriagoan ekoiztuko direla eta gehiago birziklatzeko aukera emango dutela. Horretarako, Eurokamarak baterietan diren kobaltoa, nikela, litioa edo beruna bezalako birziklatutako lehengaien proportzioa handiagoa izatea ezarri nahi du. 2026. urterako % 90eko birziklatze tasa lortzea espero du.

Bateriaren bizitza baliagarriaren amaieran produktu edo gailu osoa bota behar izatea saihesteko, Europak bateria integratuen erabilera debekatu nahi du sakelako telefonoetan, ordenagailuetan, entzungailuetan, etxeko robotetan, hortzetako eskuila elektrikoetan eta baita bizikleta eta patinete elektrikoetan.

Helburua da erabiltzaileek bateriak aldatu ahal izatea eta fabrikatzaileek ordezko bateriak eskuragarri izatea produktuaren bizitza baliagarrian. Gainera, konponketa-enpresa independenteek ordezkapena egiteko aukera izan beharko lukete, erabiltzaileak bere kabuz egiteko nahikoa konfiantza ez badu. Ohi bezala, ekoizleak neurri horren kontra azaldu dira eta neurri horrek baterien iraunkortasuna eta segurtasuna arriskuan jar dezakeela ohartarazi dute.