Hitzak, eragiketa matematikoak, herrialdeak… eta orain, abestiak

Heardleren, Wordle musikalaren, helburua da, segundo bakar bat entzunez, abesti eta abeslari edo taldearen izena asmatzea

Ukaezina da hitzak asmatzea helburu duen Wordle jokoak izan duen arrakasta. Eta jakina, arrakasta lortzen denean, berehala imitatzaileak azaltzen dira. Lehenengoa eragiketa matematikoak ebaztea eskatzen zuen Nerdle izeneko jokoa izan zen. Jarraian maparen silueta ikusita herrialdeen izena asmatzea eskatzen zuen Worldle izeneko jokoa atera zen (bada euskal bertsioa ere). Eta orain abestiak asmatzearen txanda iritsi da.

Joko ‘berriaren’ izena Heardle da eta, besteak bezala, oso sinplea da: abesti baten segundo bakar bat entzunda zein abesti den asmatu behar da. Musika oso gustuko duten horientzat primeran pasatzeko aukera. Segundo bakar batekin nahiko ez bada, huts egiten den aukera bakoitzeko segundo bat gehitzen da. Azken aukerara iritsita, bost segundoko zatia entzun ahal da.

Jokoak erabiltzailearen estatistikak gordetzen ditu zenbat aldiz jokatu duen, zenbat abesti asmatu dituen eta zenbagarren aukeran asmatu duen jakiteko.