Instagramek azpitituluak gehituko dizkie bere bideoei

Funtzio berri horri esker erabiltzaileek bideoak ikusi ahal izango dituzte normalean ikusi ezin ohi duten egoeretan

Instagramek bideoei automatikoki sortutako azpitituluak gehituko dizkien funtzio berri bat garatu du. Horri esker, erabiltzaileek bideo batean zer gertatzen ari den jakin ahal izango dute terminalaren bolumena aktibatu gabe. Aldi berean, entzumen arazoak dituzten erabiltzaileek ere normaltasun handiagoarekin kontsumitu ahal izango dituzte plataformako edukiak.

Bolumenarena sare sozial askok duten arazoa da. Zenbait kasutan, ingurunean zarata handia dagoenez, ezinezkoa da bideoan esaten dena entzutea. Beste zenbait kasutan, berriz, kontrakoa gertatzen da; ingurunean zaratarik ez dagoenez, bideoa bolumenarekin jartzea desatsegina izan daiteke ondokoentzat. Hortaz, funtzio berri horri esker erabiltzaileek bideoak ikusi ahal izango dituzte normalean ikusi ezin ohi duten egoeretan. Horrek, noski, mesede egiten dio sare sozialari, erabiltzaileek denbora gehiago ematen dutelako bertan eta, horrela publizitateagatik diru gehiago eskuratzeko aukera izango du.

Aipatu funtzioa lehenetsita egongo da, baina nahi izanez gero, desgaitu ahal izango da ezarpenen bidez.