Frankenstein aurtengo FANT zinemaldiaren protagonista

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak Mary Shelleyk sortutako pertsonaiari egingo dio omenaldia

Normaltasuna bueltan da maiatzaren 6tik 14ra bitartean ospatuko den FANT- Zinemaldi Fantastikoaren edizio berrira. Aurtengoa XXVIII. edizioa izango da eta osasun-egoera nabarmen hobetu denez gero, pandemia aurreko ordutegiak eta egoitzak berreskuratuko dira.

Aurtengo edizioaren protagonista nagusia beldurrezko zinemaren klasiko handienetako bat izango da: Frankenstein. Izan ere, aurten munstroa protagonista duen filma Estatuan estreinatu zeneko 90. urteurrena ospatzen da. Horrela, Mary Shelleyren izen bereko eleberrian lehen aldiz agertu zen fikziozko pertsonaia FANT 28ren irudiaren protagonista izango da. Bere irudia zinemaldiaren kartelean, logotipo berrian eta iragarkian ikusi ahal da.

Kartelaren argazki-saioa egiteko Trick or Treat Studios eta Universal Studioseko maskara ofiziala erabili da. Maskararen egilea Justin Mabry izan zen eta Jack Piercek egin zuen makilajean eta Boris Karloffek ‘Frankenstein doktorea’ (1931- James Whale) filmean erabili zuen maskaran oinarritzen da. Logotipo berriak ere pertsonaiaren irudia jasotzen du eta izenaren azken hizkian agertzen da. Orain arte, T letra horrek hesola baten itxura izan du, banpiro batekin amaitzeko modu tradizionalenari erreferentzia eginez; hemendik aurrera, berriz, Frankensteinen itxura izango du. Eta nola ez, Frankenstein ere izango da PreFANTen, FANT aurreko zikloan. Bertan, martxoaren 24an eta apirilaren 7an, “Frankenstein” eta “The Bride of Frankenstein” filmak ikusi ahal izango dira Gólem – Alhóndiga zine-aretoan.