Bueltan da Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuitua

27 bakarlarik eta taldek 67 emanaldi eskainiko dituzte Gipuzkoako eszenatoki ezberdinetan

Katapulta Tour Gipuzkoa musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuituaren VII. edizioak 27 bakarlarik eta taldek eskainiko dituzten 67 emanaldi biltzen dituen programazioa eskainiko du. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen duen egitasmo horren xedea da musikaren eta arte eszenikoen arloetako Gipuzkoako talentuak balioan jartzea eta horiek bultzatzea, bereziki gazteak. Aldi berean, gipuzkoar eszenaren dinamizazioan lagundu nahi du, artistei, taldeei, klubei eta antolatzaileei babesa eskainiz.

Aurtengo edizioan arituko diren 27 artistetatik, sei zirkuituak berak egin duen hautaketa prozesutik atera dira. Musikaren arloan Agresión Verbal, Mikel Moreno, Rumbling Lips eta Sega Sound Killers dira eta, arte eszenikoen kasuan, Alazne Etxeberria aktorea eta Behibi’s Antzerki Konpainia.

Horiekin batera, gainera, Kutxa Kultur Musika programan aukeratu diren beste sei artista arituko dira: Deñe, Intza, Julen, Kyxo, Lamiak eta Tek au maisin.

Jazzaldia

Gainera, Jazzaldiaren 57. edizioan parte hartuko du zirkuituak, Jazzaldiak berak hautatutako tokiko 15 artisten emanaldiak eta 10 artista finalisten emanaldiak babestuz.

Aurtengoa Katapulta Zirkuituaren zazpigarren edizioa izango da eta bere ibilbide osoan zehar 530 artista baino gehiagok eman dute izena. Urte honen amaierarako, guztira, zirkuituak babesa eskainiko dio 94 egitasmori; 52 zirkuituak berak hautatutakoak (30 musika arlokoak eta 22 arte eszenikokoak) eta 42 Kutxa Kultur Musika programakoak.

Pasa den edizioan tokiko artistek Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean, Tolosako Topicen, Hernaniko Chillida Lekun eta Getariako Balenciaga Museoan aritzeko aukera izan zuten. Horrez gain, honako jaialdi hauetan ere parte hartu ahal izan zuten: Donostia Festibala eta Jazzaldia (Donostia), Atlantikaldia (Errenteria), Bikingo Eguna (Hondarribia), Elektrorock Festibala (Deba) eta SUPer FederArte Festibala (Orio).