Abesti feministen lehiaketa Durangon

Aurten ospatzen den IV. ediziora 39 abesti aurkeztu dira. Lehiaketa martxoaren 26an ospatuko da San Agustin Kulturgunean

Durangoko Udaleko Berdintasuna Arloak antolatzen duen Abesti Feministaren IV. edizioa martxoaren 26an ospatuko da San Agustin Kulturgunean. Lehiaketan, gero eta handiagoa den sormen eta musika adierazpen feminista saritzen da. Izan ere, 2018. urteko edizioan 11 izan ziren aurkeztutako abestiak; aurten, berriz, 39 abesti izango dira lehian.

Lehiaketaren xedea da emakume eta gizonen arteko berdintasuna jorratzen eta deskribatzen duten; genero aniztasunaren alde egiten duten; desparekotasunak salatzen dituzten; amodioa ahalduntzetik ulertzen duten; edo, genero estereotipoak alde batera uzten dituzten abestiak gizarteratzea.

Lehiaketa bi kategoriatan banatzen da: 16 eta 30 urte bitarteko gazteak eta 30 urtetik gorakoak.

Bakarlari onenaren eta talde onenaren jatorrizko abestiek, hurrenez hurren, 600 euroko saria jasoko dute. Jatorrizkoak ez diren abestien kasuan, bakarlari onenak eta talde onenak 500 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren. 30 urtetik gorako kategorian abesti onenak 400 euro jasoko ditu. Eta publikoaren saria irabazten duen musikariak 350 euro jasoko ditu. Finalera iristen diren guztiek 150 euro jasoko dituzte.

Finaleko saioak ikusteko izena eman behar da aldez aurretik. Izena emateko epea martxoaren 24 amaituko da: andragunea@durango.eus edo 944 657 092 telefonora deituz.