Nolakoa da euskal gazteria?

Gizartea, edo hau osatzen duen sektore bat, ezagutzeko azterketa soziologikoak erabiltzen dira. Gazteeen Euskal Behatokiak ‘Gazteen argazkiak 14’ izenburupean euskal gazteriaren argazkia atera nahi izan duen azterketa soziologikoaren emaitzak ezagutzera eman ditu berriki. Azterketa hau, kultura demokratikoa du ardatz

Ikerketa horretatik atera daitekeen lehen ondorio garbia honakoa da: euskal gazteria pozik bizi da (% 75ak hala onartzen du behintzat). Eta ez hori bakarrik, aurrera begira, eta nahiz eta krisi ekonomiko batean murgildurik izan, bere egoera pertsonalak hoberantz egingo duela uste du gazteen gehiengoak (% 64).

Gazteak gehien kezkatzen dituzten arazoen artean, betiere ikerketa horren arabera, arazo ekonomikoak dira kezka gehien sortzen dituztenak. Horien barruan, lan merkatuari lotutako arazoak, arazo ekonomikoak eta etxebizitza dira gehien aipatzen direnak. Aipatu hiru arazo horiek gazteriak kezkatzen dituen arazoen sailkapeneko lehen hiru postuetan aurkitzen dira.

Komunikabideetan hainbat gaztek ETArekiko azaldu duten jarrera dela eta oihartzun handia izan badu ere, Euskadik bizi duen egoera politikoa eta indarkeria/terrorismoa aipatu sailkapen horretako zortzigarren eta bederatzigarren postuetan azaltzen dira hurrenez hurren.

Gizarte balio eta portaerak

Bizitzako alderdi desberdinen inguruan galdetuta, gazteek familian eta bikotean harreman onak izateari ematen diote garrantzi gehien. Horri lotuta, bizitza sexual ona izateari ere garrantzi handia ematen diote. Ildo berean, euskal gazteentzat garrantzitsua da kultur eta lan prestakuntza egokia izatea, lanean arrakasta izatea eta dirua irabaztea.

Kontrako aldean, gazteriak ez die garrantzia handirik ematen ez gai politikoei ezta gai erlijiosoei ere. Azken bi horien inguruko jarduera zehatzei buruz galdetuta gazteen gehiengoak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzaren inguruan (% 85 beti edo ia beti ados), abortu librearen inguruan  (% 72) eta eutanasiaren inguruan (% 70) adostasuna azaltzen dute.

Adostasun handiagoa lortzen da zenbait gaien inguruko kontrako iritzia azaltzerakoan. Horrela, gazteen gehiengoa gai hauen kontrako desadostasuna azaltzen du beti edo ia beti: Ideia politiko edo erlijiosoak indarrez defendatzea (% 86), suizidioa (% 73), dendetatik gauzak ordaindu gabe eramatea (% 92), heriotza-zigorra (%82), delitu bat ikustean salaketarik ez egitea (% 82), polizia erasotzea (% 88) edota bikotekideari fidela ez izatea (% 88).

ETAren jarduerari buruz galdetzerakoan, gazteen gehiengoak soilik erantzun bakarrean iristen da gehiengora. ETAk egiten dituen ekintzat Euskadirentzat onuragarriak diren ala ez galdetzean gazteen % 51k ezetz dio, baina gai horren inguruan egindako bestelako galderetan ez da halako kopuruetara iristen. Galdera horietan, ETAren kontrako iritzia nagusi bada ere erantzunen ehunekoak askoz ere orekatuagoak daude. Zentzu horretan, gazteriaren gehiengoa ekintza terroristen biktimek laguntza eta babesa merezi dutela adierazten dute (% 46 oso ados eta % 25 nahiko ados).

Jarrera politikoak

Ikerketaren ondoriorik esanguratsuenetako bat gazteriak politikarekiko duen interes falta da. Politikak zein nolako sentimenduak sortzen dizkien galdetzean, erantzun nagusiak honako hauek izan dira: konfiantza eza, asperdura, axolagabekeria eta haserrea.

Gazteriaren % 78k politikarekiko interes gutxi edo oso gutxi duela adierazi du. Lau gaztetatik hiruk politikariek bakarrik interes pertsonalak bilatzen dituztela uste du, eta antzeko kopuruan politikariak gazteriaz arduratzen ez direla uste dute. Ezker-eskuin eskala batean, euskal gazteria nahiko zentratuta azaltzen da, agian, izaera ezkertiar nabariago batekin. Gauza bera gertatzen da nazionalista eta ez nazionalista eskala batean; emaitzak nahiko orekatuak dira, baina izaera nazionalista gutxigatik nagusitzen da. Gazteen % 30ak bere burua apolitikotzat jotzen du.

Sozializazioa

Sozializazio eta parte-hartze politikoaren inguruan, gazteriaren gehiengoak onartzen du bere etxean ez dela sarritan politikaren inguruan hitz egiten. Horretarako arrazoi nagusiak gaiarekiko interes falta eta gatazka pertsonalak ekiditeko nahia aipatzen dira. Ekintza politikoren batean parte hartuko luketen ala ez galdetzean, hauek dira begi onez ikusten diren ekintza nagusiak: greba batean parte hartu, baimendutako manifestazio batera joan, arrazoi politikoren batengatik produktu bat erosi eta eskaera aldarrikatzaile bat sinatu. Oso gutxi dira alderdi politikoren batekin lankidetzan aritzeko prest azaltzen direnak.

Demokraziaren funtzionamendua

Gazteen ia %50 jende guztiarekin politikaz hitz egiteko libre sentitzen da, baina antzeko kopuruan aurkitzen dira soilik pertsona batzuekin hitz egiteko libre sentitzen direla onartzen dutenak.

Ideia politikoak bake bideetatik defendatzeko aukeren inguruan galdetzean, gutxigatik bada ere, gehiengoa ez da oso pozik azaltzen. Ildo berean Espainia ea estatu demokratikoa den ala ez galdetzean, gazteek baietz erantzuten dute, baina estatu zeharo demokratikoa suposatuko lukeen puntuaziotik urrun (% 47k Espainian den demokraziaren funtzionamenduarekin ez oso pozik edo batere pozik ez dagoela onartzen du).

Giza eskubideen inguruan galdetuta, hauek dira baloraziorik onenak lortu dituztenak: Iritzi eta adierazpen askatasuna (% 57), lana (% 49), bizitza eskubidea edozein ideia politiko izanda (% 45), hezkuntza (% 38), etxebizitza duina (% 36) eta osasuna (% 35).

Lurralde antolamendua

EAEko Autonomia estatutuaren inguruan galdetuta, iritziak nahikoa banatuta daude. %23 pozik azaltzen da eta %15, ostera ez. %61 berriz, neurri batean azaltzen da pozik edo ez du erantzuten.

Autogobernu mailaren inguruan, berriz, %34ak ez du erantzuten eta erantzuten dutenen artean puntu gehien lortzen duen aukera independentzia planteatu beharko litzatekeenarena da (%23). Bigarren aukera sailkapen honetan Gernikako Estatutua osoki betetzearena da (%14).

Iruzkin 1
  • OSO ONA

Iruzkinak itxiak daude...