‘Donostiara begira’ erakusketa Urgullera bueltatuko da

Cristina Enearekin batera Urgull izeneko aplikazioa ere garatu da. Horri esker, Urgull mendian den ondare historikoa ezagutu ahal da.

Donostiako historiaren 800 urte baino gehiago errepasatzen dituen ‘Donostiara begira’ erakusketa Motako gazteluan izango da ikusgai berriz ere. Erakusketa zabalik izango da datorren abendura arte eta kanoi bat gehitu du ikus daitezkeen objektuen zerrendara. XIX. mendean britainiarrek egindako kanoia da, Aquariumeko sarrera zaharraren aurrean dauden kanoien antzekoa. Erakusketa osatuko duen kanoia da, hain zuzen ere, orain arte abuztuan ospatzen den Aste Nagusiari hasiera emateko erabili izan ohi dena.

Pasa den urtean San Telmo Museoak zaharberritutako zenbait kanoi igo zituen Motako gaztelura. Une honetan, Urgullen 36 pieza ikus daitezke.

Erakusketa Urgullera bueltatuko da beste zenbait berrikuntzekin. Adibidez, erakusketa osatzen duten objektuen azalpena orain lau hizkuntzatan irakur daiteke. Gainera, Cristina Enearekin batera Urgull izeneko aplikazioa ere garatu da. Horri esker, Urgull mendian den ondare historikoa ezagutu ahal da. Aplikazioak zailtasun gutxiko ibilbide bat proposatzen du mendia zeharkatzen duten bideak eta bertan diren gotorlekuak ezagutzeko. Aldi berean, bertan bizi diren espezie ezberdinen inguruko azalpenak ere ematen dira.