Gervasio Sánchezen ‘Bizitza’ erakusketa San Telmon

Ekainaren 12ra arte ikusgai izango den erakusketan oraindik jendaurrean erakutsi ez diren hainbat argazki izango dira

San Telmo Museoak Gervasio Sánchez argazkilariak 1991 eta 2015 artean hainbat gerratan ateratako argazkiak biltzen dituen ‘Bizitza’ erakusketa hartuko du. Erakusketan 45 argazki izango dira ikusgai; horiek guztiak izenburu bereko liburuan bildutako sorta zabalago batetik aukeratutako irudiak dira. Erakusketaren xedea da gerra bezalako egoerarik latzenetan ere bizitzak aurrera egiteko egiten duen ahalegina azaltzea.

Erakusketa osatzen duten argazki gehienak ez dira oraindik jendaurrean aurkeztu. Horien artean Sánchezek Europara iristen diren errefuxiatuei berriki ateratako hainbat argazki ikusi ahal izango dira.

Erakusketaren komisario Gerardo Mosquerak azaldu duenez, Gervasio Sánchezen argazkiek “ororen gainetik bizitza nola garaitzen den erakusten dute, gerraren eta heriotzaren hondamendiaren erdian nola azaltzen den, gerra eta heriotza gaindituz”.

Erakusketa San Telmo Museoak antolatu du Kriminologiaren Euskal Institutuarekin batera eta EHUko Udako Ikastaroen barruan ospatuko den Biktimologiako Nazioarteko Sinposioaren ildora. Aipatu sinposioa hiru urtean behin ospatzen da 1973. urteaz geroztik eta aurten Donostian izango da ekainaren 5etik 9ra bitartean.