Literatura sormena eta garraiobide publikoaren erabilera eskutik

Gipuzkoako Foru Aldundiak literatura sormena eta garraiobide publikoaren erabilera sustatzen duen ‘Literatura Martxan’ lehiaketa jarri du abian

Gipuzkoako Foru Aldundiak ‘Literatura Martxan’ lehiaketaren lehen edizioa jarri du abian. Egitasmoaren xedea da kulturaren unibertsoa eta mugikortasuna elkartzea eta horretarako, garraiobide publikoan egiten diren ibilbideetan sormen literarioa sustatu nahi du.

Lehiaketak bi atal izango ditu: mikrokontakizunak eta poesia. Lanak aurkezteko epea datorren apirilaren 23an amaituko da, Liburuaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Aurkezten diren lanek ‘bidaia’ hitza izan beharko dute eta gehienez 1.200 karaktereko luzera izango dute, espazioak barne, mikrokontakizunen kasuan eta 30 bertso-lerro poemen kasuan.

Lehiaketan parte-hartu ahal dute MUGI txartelaren bidez edo noizbehinkako txartel baten bidez garraiobide publikoaren erabiltzaile direla egiaztatu dezaketen 18 urtetik gorakoek. Kategoria bakoitzeko gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango dira.

Modalitate bakoitzean, lehiaketako lehen saria bizikleta elektriko bat izango da. Akzesit bat ere egongo da, honako sariez osatua: 100 euroko birkarga bat MUGI txartelean, sistemaren sare osoan erabiltzeko, eta 100 euroko kupoi bat, irabazlearen aukerako liburu-denda batean erosketak egiteko. Sari-banaketa Donostiako Foru Aldundiaren Jauregian egingo da, bi foru ordezkariekin batera, apirilaren 28an.