‘Siluetak’, konfinamenduak nola aldatu gaituen azaltzen duen erakusketa

Ziudadelako Bolborategiak 30 argazki biltzen dituen Iñigo Labaienen ‘Siluetak’ erakusketa hartuko du datorren maiatzaren 15era arte. Argazkiak zuri-beltzean dauden irudi desfokuratuak dira eta konfinamenduak nola aldatu gaituen islatzen dute.

‘Siluetak’ 2020. urtean Labaienek hasi zuen egitasmoa da. Bere asmoa zen konfinamenduak eragindako egoeraren ondorioz bizi zituen sentimenduak eta sentipenak islatzea: urruntze soziala, deskonfinamendua, normaltasun berria… ordura arte ezezagunak ziren terminoak ziren, baina sasoi horretan hiritar guztion egunerokotasunean sartu ziren.

Labaienek azaldu duenez, garai horretan “aldendua, hotza, kontaktu hurbilago baten nostalgia zuen” komunitatea ikusi zuen eta hori da, hain zuzen ere, irudietan islatu nahi izan duena.

Zirraren kuspegitik, egoera horrek sentimenduak eta sentipenak helarazten zituen, hala nola isiltasuna, distantzia, zabarkeria, melankolia, harridura, kidetasuna, lasaitasuna, duintasuna, alaitasuna edo zoriontasuna. Horren guztiaren ondorioz, sentimendu horiek islatzen dituzten argazkilaritza-teknika eta parametro berrien bilaketan sakontzen du. Esposizio luzeekin eta kameraren mugimenduarekin kalean ikusten dituen ‘silueta’ horiek sortzea lortzen du. Eremu irekietan ere konfinatuta dagoen gizarte baten irudi abstraktuak, desfokuratuak eta inpertsonalak dira.

Ez da lehen aldia Íñigo Labaienek konfinamenduak eta pandemiak eragindako egoera berriak sortu zizkion sentimenduak adierazten dituena; izan ere, 2020an, Iruñeko Udalak antolatutako “Konfinamenduari begiradak” erakusketan ere parte hartu zuen.