Saharako zinemari aitorpena Donostian

Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak jasoko du Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko Saria

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiko XIX. edizioaren Saria E.F.A Abidin Kaid Saleh-Mendebaldeko Saharako Ikus-entzunezko Prestakuntza Eskolak jasoko du. Aitor Mendizabalek egindako ‘Oroimena’  monolitoaren erreplika gaur bertan emango zaie Victoria Eugenia Antzokian.

Mendebaldeko Saharan zinema gauza nahiko berria da. Duela 20 urte eskas FiSahara iritsi zen errefuxiatuen kanpamenduetara 1975. urteaz geroztik erbestean bizi ziren sahararrei zinema gerturatzeko asmoz. Egitasmo xume bat zirudiena, urteak aurrera egin ahala, ikus-entzunezko prestakuntza eskola bilakatu zen Bojador-eko kanpamenduan. Bertan trebatu da saharar zinemagileen lehenengo belaunaldia eta horrekin batera, Mendebaldeko Saharako zinematografia autoktonoa ere sortu da.

Bere ibilbide laburrean, zinemagile saharar gazteek hainbat film labur ekoiztu dituzte. Lan horietan guztietan berebiziko garrantzia duten gaiak jorratzen dituzte: gazteen langabezia, osasunaren prekarietatea, memoria historikoa, edertasun kanonak, depresioa eta Internetekiko mendekotasuna.

Gainera, Solar Cinema Western Sahara beren zinema mugikorrarekin, eskolak urte osoan zehar eramaten du zinema kanpamendu guztietara. Sahararrentzat zinema, sormenerako hainbat aukera eskaintzen dituen artea izateaz gain, haien kultura zaindu eta transmititzeko eta beren borroka ezagutarazteko ezinbesteko tresna bilakatu da.