Auto gidarien % 45 inguruk telefonoa erabiltzen du gidatzen duen bitartean

Pasa den martxoaren 21ean indarrean jarri zen Trafiko Lege berriaren arabera, telefonoa erabiltzen duten gidariei 6 puntu kenduko zaizkie eta 200 euroko isuna jarriko zaie.

Gidatzean sakelako telefonoa erabiltzea da gidatzen ari den bitartean arreta galtzeko arrazoi nagusietako bat. Gidariak telefonoa erabiltzen duenean istripu bat izateko aukerak lau aldiz biderkatzen dira; alkoholarekin izaten den probabilitatearen antzekoa. Horregatik, Trafiko Lege berriak gogortu egin ditu gidatzen ari diren bitartean mugikorra erabiltzen dutenei ezarriko zaizkien zigorrak. erabilera horren barruan GPSaren erabilera ere aurreikusten da. Hortaz, gidatzen den bitartean telefonoa eutsi edo erabiltzen duten horiei 6 puntu kendu eta 200 euroko isuna jarriko zaie.

Alphabet renting konpainiak egindako ikerketa baten arabera, Estatuko gidarien % 45ek telefono mugikorra erabiltzen dute gidatzen duten bitartean. Horietatik, gehienek (% 66k) esku libreen bidez hitz egiteko erabiltzen dute, baina % 3k dio oraindik telefonoz hitz egiten duela sistema hori erabili gabe. Gainera, gidatzean telefono mugikorra erabiltzen dutela dioten gidarien % 5ek berehalako mezuak (WhatsApp) bidaltzeko erabiltzen dute, eta % 2k posta elektronikoa kontsultatzen dute edo mezuei erantzuten diete. Azterlanak agerian utzi duenez, gizonek emakumeek baino joera handiagoa dute kotxean telefonoa erabiltzeko; % 49 eta % 40 hurren hurren.

Gazteak

Adina ere telefonoaren erabileran eragiten duen aldagaia omen da. Horrela, 31 eta 45 urte bitartekoek erabiltzen omen dute gehien telefonoa; adin-tarte horretan elkarrizketatutakoen % 51k dio gidatzen duen bitartean erabiltzen duela. Gazteenak dira, 18 eta 30 urte bitartekoak, hain zuzen ere, gidatzean WhatsApp gehien erabiltzen dutenak (talde horren % 8).

Lege berriak GPSaren erabilera zigortuko du. Printzipioz, gidatze seguruago bat ahalbidetzen duen gailua izan arren, behin martxan, gailu hori erabiltzeak istripu bat izateko aukerak esponentzialki biderkatzen ditu. Horregatik, martxan jarri aurretik GPSan beharrezkoa dugun informazio guztia sartu beharko dugu. Behin errepidean, GPSan aldaketaren bat egin nahiko bagenu, kotxea gelditu beharko genuke; hots, debekatuta dago GPSan aldaketarik egitea martxan garen bitartean.