Bueltan da Arabako Mendialdera Eusko Bike Challenge

Mila ziklista inguru arituko dira Euskadin den mountain bike proba gogorrenetarikoan

Bi urteko etenaren ostean pandemiagatik, BTT Eusko Bike Challenge bueltan izango da datorren ekainaren 11an Arabako Mendialdera. Bertan, mila ziklista inguru izango dira, gehiena, Arabatik kanpo etorritakoak.

Bere bederatzigarren edizioa beteko duen Eusko Bike Challenge Euskadin antolatzen den mountain bike proba gogorrenetarikoa eta ikusgarrienetako bat da. Aurreko edizioetan bezala luzera eta gogortasun ezberdina duten bi ibilbide izango dira aukeran. Gold izeneko ibilbideak  117 kilometro eta 3.700 metroko desnibel positiboa izango du. Silver ibilbideak, berriz, 71 kilometro eta 2.200 metroko desnibela. Bi ibilbideak gogorrak dira eta hortaz, batez beste, 8 eta 10 ordu bitartean behar izaten da proba amaitzeko.

Proba ikusgarria

Irteera eta helmuga Santikurutze Kanpezun izango dira eta ibilbidean zehar Arabako Mendialdeko eta Nafarroako zenbait udalerri igaroko dira.

Antolatzaileek azaldu dutenez, jada 800 parte-hartzailek eman dute izena. Izena emateko aukera zabalik izango da datorren apirilaren 21era arte edo, 1.200 plazak bete arte aukeran diren bi ibilbideak kontuan hartuz.

Pedales Txirrindularitza Taldeko presidente Ángel Teijidok azaldu duenez, proba bereziki nabarmentzen da ““gogortasunagatik eta desnibelagatik, Arabako Mendialdeko paisaia oparoagatik eta oso trazadura zainduagatik, modu orekatuan konbinatzen baititu flow-bidexkak, eremu teknikoak, hanketarako atsedenaldi batzuk eta tarte dibertigarriak”.

Eusko Bike Challenge Pedales Txirrindularitza Taldeak Arabako Foru Aldundiarekin, Santikurutze Kanpezuko Udalarekin eta Laboral Kutxarekin batera antolatzen duen proba da. Aurtengo edizioan, ohiko probaz gain, jarduera-programa paralelo bat izango da txirrindulariekin batera etortzen diren lagunentzat zuzenduta. Programaren barruan adibidez, dantza, BMX erakusketa edo musika emanaldiak izango dira.

Bestalde, aurreko edizioetan bezala, ‘Lehenik basoa’ kanpaina mantenduko da. kanpina horren bidez mendia proba aurretik zegoen bezala uztera gonbidatzen zaie parte-hartzaileei, hots, zaborra bertan ez botatzeko kontzientziazioa egingo da.