Zenbat denbora behar da zerbitzu baten Baldintzak irakurtzeko?

Ikerketa batean zehazten denez, pertsona ‘arrunt’ batek 250 ordu inguru beharko lituzke erabili ohi dituen online zerbitzu guztien baldintzak behar bezala irakurtzeko.

Interneten asko dira erabiltzaileei zerbitzuaren baldintzak onartzeko eskatzen dituzten aplikazioak. Kasu gehienetan zuzenean sakatzen dugu ‘onartu’ botoian aurrera jarraitzeko, nolabait, badakigulako testu hori irakurtzeak luze emango digula eta horrek atzeratuko duela instalatu berri dugun aplikazioaren egikaritzea.

Duela pare bat urte, Visual Capitalist atariak aztertu zuen zenbat denbora eman behar zen Interneteko aplikazio eta zerbitzu ezagunenetako batzuen Baldintzak eta Zehaztapenak osorik irakurtzeko.

Heldu gehienen batez besteko irakurketa-abiadura minutuko 200 eta 250 hitz artekoa omen da (hm). Unibertsitarioen kasuan kopuru hori 300 hitz ingurukoa izan daitekeela aintzat hartuta, Visual Capitalist konpainiak 240 hitzetan oinarritu zuen bere azterlana. Ikerketak ondorioztatu zuzenez, abiadura horretan irakurriz gero, denbora nahikotxo behar da Baldintzak eta Zehaztapenak atal bat osorik irakurtzeko. Kasurik onenean, adibidez, Instagramen kasuan, 10 minutu inguru beharko lirateke. Beste zenbait kasutan, berriz, Microsoften kasuan bezala, ordubete baino gehiago behar da (63,5 minutu). Atarian bertan zehazten denez, adibidez, Shakespearen ‘Macbeth’ lana irakurtzeko 71 minutu beharko lirateke.

Ulergaitzak

Garbi dago, hainbat kasutan, zerbitzuen baldintzak nahaste-borraste bat izan daitezkeela. Hori, azken finean, zerbitzu horiei ezartzen zaizkien arauen ondorioa da. Ikerketan zehazten denez, pertsona ‘arrunt’ batek 250 ordu inguru beharko lituzke erabili ohi dituen online zerbitzu guztien baldintzak behar bezala irakurtzeko. Horregatik, ez da harritzekoa erabiltzaile ia gehienek testu horiek irakurtzea denbora galtzea besterik ez dela sentitzea, azken finean, ez baitago ezer aldatzeko edo aurrera egin nahi bada, horiek ez onartzeko aukerarik.

Gainera, testu horiek irakurtzen dutenen artean ez dago garbi zein puntutaraino ulertzen diren ala ez. Atal horretan jasotzen diren testuak, legezko terminologiaz idatzitako kontratua baino ez dira, baina hainbat kasutan, irakurketa zailtzeko idatzita daudela dirudi. Oso esaldi luzeak erabili ohi dira, ulermena errazten ez duen terminologiarekin. Testuen luzerak eta terminologia legalaz beteriko esaldiek oso modu nabarmenean oztopatzen dute ulermena eta hainbat pertsonentzat ulergaitz egiten dira.

Datu pertsonalak

Eta ez da ahaztu behar software hori eta aplikazio horiek guztiak datu-bilketaren abangoardian daudela. Erabiltzaileen jarduera eta informazioa oso modu errazean bildu eta gordetzen da datu- baseetan. Erabiltzaileen jokabideak jasotzen dituzten datu-baseak oso baliabide baliotsuak dira marketin enpresentzako, horiei esker ohiko publizitateak baino kostu txikiagoetan bidera ditzaketelako beren produktuak audientzia objektibora.