Martxan da Donostiako Crossover Telesailen Kultura jaialdia

Aurtengo edizioan bi estreinaldi garrantzitsu izango dira: ‘El Inmortal’ eta ‘We own this city’, David Simonen azken lana.

Gaur hasiko da datorren apirilaren 30era arte luzatuko den Donostiako Crossover Telesailen Kultura jaialdiaren aurtengo edizioa. Jaialdia Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak antolatzen du Kultur Factory agentziarekin elkarlanean. Aurreko edizioetan bezala, jaialdiak bi egoitza nagusi izango ditu: Tabakalera eta Koldo Mitxelena Kulturunea.

Programazioa

Pandemiak eragindako murrizketak alde batera utzita, jaialdiak bere ohiko formatua berreskuratuko du.  

Programazioa gaur bertan hasiko da. Lehen jarduera arratsaldeko 6etan izango da Tabakalera 2deon. Kontatutako Telesailaren barruan Diego San José eta Víctor García León zuzendari eta gidoilariek ‘Vota Juan – Vamos Juan – Venga Juan’ telesailaren sortze prozesuaren inguruan hitz egingo dute.

Ordubete beranduago, Tabakalera Zineman, Canneseries jaialdian lehian izan den ‘El Inmortal’ telesailaren estreinaldia ikusi ahal izango da. Telesaila aurkezten bertan lan egiten duen Jon Kortajarena izango da.

David Simon

Asteartean protagonista nagusia ‘The Wire’ telesail arrakastatsuaren autore David Simon izango da. Arratsaldeko 7etan hasita, Tabakalera Zineman, hitzordu bikoitza izango da. Hasteko, “David Simón: izorratu dadila ikusle ertaina?” izenburua duen mahai-ingurua izango da Paloma Rando eta David Truebaren eskutik. Ondoren, bere azken lanaren lehen atalaren estreinaldia ikusteko aukera izango da: “We own this city”.

Asteazkenean, Koldo Mitxelena Kulturunean, zinemaren eta telesailen kontsumoak hizkuntza gutxituetan izan duen eraginaren inguruan eztabaidatuko da. Gaizka Izagirrek moderatzaile lanak egingo ditu eta bertan izango dira Koldo Almandoz, Marian Fernández eta Urtzi Urkizu.

Ondoren, Carmen Molaren (Agustín Martínez, Jorge Díaz eta Antonio Mercerok erabiltzen duten pseudonimoa) ‘La novia gitana’ nobelaren moldaketa aurkeztuko da.