Magia, komedia eta musika Txakolingunean

‘Txakolinaren magia’ ikuskizuna Bakioko Txakolingunean ikusi ahal izango da apirilaren 30ean Yogurinha Borova eta Jon Zabalen eskutik

Bakioko Txakolinaren Museoak hartuko du datorren apirilaren 30ean ‘Txakolinaren magia’ ikuskizun dibertigarriaren hiru saio. Ikuskizuna MusEkintza, Bizkaiko Museoetako Arte Eszenikoen lehen Jaialdiaren barruan programatuta dago.

‘Txakolinaren magia’ ikuskizuna Yogurinha Borovak eta Jon Zabalek aurkezten duten ikuskizuna da. Bertan, ikusleek ‘gorputz osasuntsuan buru osasuntsua’ esaera egia ote den ala ez egiaztatu ahal izango dute. Ikuskizunean adimena eta burua noraino irits daitezkeen erakutsiko da eta, ondoren, hori lortzeko burua nola entrenatu daitekeen irakatsiko da. Edo agian ez, agian dena gezurra da eta ikuskizun honek aitzakia hori bakarrik erabiltzen du leku eta une bakar batean hainbat osagai konbinatzeko, hala nola magia, komedia, musika eta… aerobik klaseak?

Txakolinaren ezaugarriak

Pasa den mendearen hasieran, aurrerapen zientifiko asko zirku-ikuskizun moduan aurkezten ziren. Txakolingunera aurkezten diren horiek, berriki aurkitu diren Txakolinaren zenbait ezaugarriren berri jasoko dute antzeko modu batean.

“Berritsu xelebre bat arduratuko da frogez, eta, bai, badirudi ardoa ur ionizatu tanta batzuekin nahastuz gero, txakolina probatzen duen pertsonaren memoria ehuneko ehun biderkatzen dela. Are harrigarriagoa dena; txakolina zurrutada txikitan eta gatz pixka batekin konbinatuz edaten bada, burua irakurtzeko gaitasuna ematen du! Iritsi da azken erakustaldiaren unea, ustekabekoa eta arriskutsua. Taula gainera igotzen den ikusle bat bilatzeko unea da, esperientzian laguntzeko. Akats ikaragarria da, baina. Izan ere, bat-bateko kolaboratzailea eszeptiko konbentzituen elkarteko kidea da, eta, hainbestez, muga jarriko dio egoerari, zorroztasun zientifikoari dagozkion eskakizunak direla-eta. Eta gainera beti izan nahi izan du kantaria… Ez dago hori baino aukera hoberik hasteko”.

MusEkintza jaialdia

MusEkintza jaialdiak hil bakoitzaren azken larunbatean ikuskizunak eskaintzen ditu foru-museoetan: La Encartada Fabrika Museoa, BalmasedanEl Pobaleko Burdinola, Muskizen; Txakolingunea, Bakion; Euskal Herria Museoa, Gernikan; Arkeologi Museoa, Bilbon; Arrantzaleen Museoa, Bermeon; eta, Muñatonestarren Gaztelua.