Iruñeko Udalaren laguntzak LGTBI kolektiboentzako

Erakunde eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat egiteko laguntza eskatu ahal izango du eta gehienez 4.000 euroko laguntza jaso ahal izango da.

Iruñeko Udalak irabazi asmorik gabeko LGTBI erakundeei zuzendutako dirulaguntza deialdia deitu du. Deialdiaren xedea da gizartean, ekonomian, kulturan eta lanean lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualen berdintasuna, partehartzea eta presentzia sustatzen duten proiektuak sustatzea. Azken finean pertsona horien guztien gizarteratzea erraztu nahi da, besteak beste, prozesu hori laguntzen duten ikerlanen eta dokumentazioaren zabalkundea lagunduz. Deialdiaren aurrekontua 20.000 eurokoa da.

Laguntza eska dezakete Iruñean egoitza fiskala duten irabazi asmorik gabeko erakundeek edo diruz lagunduko den programa, egitasmoa edo jarduera bere osotasunean Iruñean garatu nahi duten erakundeek.

Proposamenak aurkezteko epa datorren maiatzaren 25ean amaituko da. Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira. Diru-laguntza mota bakarra ezarri da, non entitate eskatzaile bakoitzak proiektu bakar bat egiteko laguntza lortu ahal izango duen. Proiektu bakoitzak, gehienez, 4.000 euro lortu ahal izango ditu.

Proiektuen ezaugarriak

Proiektuek helburu hauek izan behar dituzte:

  • Eskubide zibilei, diskriminaziorik ezari, parte-hartze sozialari, sexu-joerari, sexu-adierazpenari eta sexu- edo genero-identitateari buruz informatu eta sentsibilizatu;
  • LGTBI pertsonen arteko harreman osasungarriak eta berdintasunekoak sustatu;
  • LGTBI garrantzi bereziko datak sustatu eta ospatu;
  • LGTBI pertsonen laneratzea eta lan-baldintzak sustatu eta bultzatu;
  • LGTBI pertsonen duintasuna errespetatuko duen bizikidetza sustatu.