Emantzipazioaren aldeko ginkana Santurtzin

Googazek antolatzen duen ‘Deabruaren jokoa’ ginkana datorren maiatzaren 8an ospatuko da

Euskal gazteriaren talentua ahalduntzea helburu duen Googaz egitasmoak antolatuta, datorren maiatzaren 8an ‘Deabruaren jokoa’ ginkana ospatuko da Santurtzin. Bertan, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek, hiru laguneko taldeetan banatuta, emantzipazioaren arazoari irtenbideak bilatzeko lan egingo dute. Hitzordua Gernika Parkean izango da 11:00etatik 12:30etara.

Googaz 2017. urtean abian jarri zen egitasmoa da eta jada hiru edizio bete ditu. Edizio bakoitza erronka sozial bat du ardatz. Orain arte landu diren erronkak honako hauek dira: ekintzailetza, Garapen Jasangarrirako Helburuak eta tokiko-merkataritza. Laugarren edizio honetan, berriz, emantzipazioa izango da gai nagusia. Irabazleek Afrikara bidaiatzeko aukera izango dute.

Santurtzin egingo den proba  Deabruaren jokoa’ izenarekin ezagutzen da. Joko horretara jokatzeko, parte-hartzaileek , Anbotoko Mariren kondaira oinarritzat hartuta, hiru kide izango dituzten taldeak osatu beharko dituzte eta kaxa handi batean sartu. Kaxa horren barruan haurtzaroko hainbat joko aurkituko dituzte eta euren artean lehiatuko dira.

Udalerri bakoitzean irabazle suertatzen den taldea hurrengo fasera igaroko da. Azken fase hori ekainean ospatuko da. Irabazleek Senegalera bidaiatzeko aukera izango dute Africa Basque Challenge programari esker.