Jaietan alkoholaren gehiegizko kontsumoaren aurkako pegatina diseinatzeko lehiaketa

Eibarko Udalak San Juan jaietan alkohol-kontsumo gehiegikeriaren kontrako umorezko pegatina bat diseinatzeko lehiaketa antolatu du

Osasun-egoera berean mantentzen bada, Eibarrek normaltasunez ospatuko ditu San Juan jaiak. Jaiak osatuko duten programazioan lan egiteaz gain, Udalak jaietan izan ohi den gehiegizko alkohol kontsumoaren aurkako umorezko pegatina diseinatzeko lehiaketa antolatu du. Lanak aurkezteko epea jada zabalik da eta maiatzaren 9ra arte izango da zabalik. Lehiaketan parte hartu nahi dute horiek elektronikoki aurkeztu behar izango dituzte beren lanak. Horretarako honako inprimaki hau osatu beharko dute. Inprimakiarekin batera pegatinaren diseinua ere igo behar da.

Pegatinak alkohola kontsumitzen bada neurriz egitera gonbidatzen duen euskarazko mezu bat izan behar du. 7×7 zentimetroko tamaina izan beharko du eta karratua zein borobila izan daiteke. Aurkezten diren lan guztiek originalak izan beharko dute. Epaimahaiak konnotazio sexistak, xenofoboak, arrazistak edo homofoboak dituzten eta pertsonen edo erakundeen kontrako lan iraingarriak baztertuko ditu.

Epaimahaiaren erabakia maiatzaren 13an emango da ezagutzera eta irabazleak 200 euroko saria jasoko du.