Jon Maia, ‘Altsasu’ eta Chica Sobresalto Galdakaon

Musika eta antzerkia nagusi izango dira hil honetarako Torrezabal Kultur Etxeak prestatu duen programazioan

Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxeak kultur eskaintza zabala aurkeztu du hil honetarako. Maiatzean zehar programatu diren ekitaldi guztien artean, Jon Maiak maiatzaren 5ean eskainiko duen ‘Kantu bat gara’ kontzertua, maiatzaren 15ean ikusgai izango den ‘Altsasu’ antzezlana eta Chica Sobresaltok maiatzaren 28an eskainiko duen ‘Bailando raro’ kontzertua azpimarra daitezke.

Programazio zabala

Esan bezala, maiatzen 5ean Jon Maia bertsolari zumaiarrak bere abestirik ezagunenak eskainiko ditu.

Hurrengo egunean, maiatzaren 6an, 20:00etan, HIKA teatroa konpainiak ‘La Tarara’ antzezlana eskainiko du. Musika, antzerkia eta poesia uztartzen dituen lan horretan Bilboko San Francisco auzoan gizon baten gorputzean jaio den emakume baten istorioa azaltzen da.

Maiatzaren 14an, 18:00etan, ‘Perez Sagutxoa’ antzezlana izango da ikusgai. Ipuin klasiko gisa, komedia lehenetsiz, beti dantzekin eta abestiekin jolasean, irudimenezko istorio hau kontatuko da.

Urtarrilerako programatuta bazegoen ere, aktoreen osasun arazoak direla eta, maiatzaren 14ra arte atzeratu behar izan da ‘Altsasu’ antzezlana. María Goiricelayak zuzentzen du 2016. urteko urrian herriko zenbait gazte eta bi goardia zibilen artean jazotako gertaeraren antzerti-berreraikuntza. 24 ordu eskasetan Altsasu telebistako platoa eta Estatuko gaia bilakatu zen. Momotxorroren iruditik abiatuta, Goiricelayak justizia eszenatokiaren erdian jartzen saiatzen da.

Maiatzaren 20an, 20:00etan, Eva Guerrerok zuzenduta, emakumezkoen borroka librearen formatua duen ‘Ladies on Fight’ dantza-ikuskizun tragikomikoa izango da ikusgai. Dantza eta umorea uztartzen dituen borrokaldian zenbait gai jarriko dira soken kontra: prekarietatea, lehiakortasuna, eguneroko sexualizazioa…

Maiatzaren 27an, Formol Laborategiaren ‘Album’ lanean gazte talde batek gaztetasunaren inguruan hausnartuko du.

Azkenik, maiatzaren 28an, Chica Sobresaltoren ’Bailando raro’ kontzertua izango da. Bertan, Maialen Gurbindo amodioaz, sexu-askatasunaz, hautespen-naturalaz eta horiek eragiten duten minaz arituko da.