Zabalik ‘Gazte Artea Ezkerraldean’ ekimenean izena emateko epea

Barakaldo, Portugalete, Santurtzi eta Sestaoko gazteria zerbitzuek sustatzen duten ekimena 15 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzentzen zaie

Zabalik da, datorren ekainaren 15era arte, Barakaldoko, Portugaleteko, Santurtziko eta Sestaoko gazteria zerbitzuek sustatzen duten ‘Gazte Artea Ezkerraldean’ erakustaldi artistikoan izena emateko epea.

Egitasmoa Ezkerraldea Gaztedi plataformaren barruan garatzen da eta sormen artistikoa eta eskualdeko sortzaile gazteak laguntzea du helburu. Bertan parte har dezakete aipatu lau udalerrietako horien batean erroldatuta dauden 15 eta 29 urte bitarteko gazteek. Gainera, 2018aren aurreko edizioetan parte hartu duten 30 urtetik beherako artistek ere parte hartu ahal izango dute deialdi honetan.

Aurtengoa egitasmoaren hamargarren edizioa da. Hautatuak diren gazteek beren lana ezagutzera emateko aukera izango dute iraila eta urtarrila bitartean lau udalerrietan zehar egingo den zirkuitu batean.

Deialdian parte hartzeko nahikoa da lau udalerrietako gazteria zerbitzuren batean fitxa bat aurkeztea norberaren datu pertsonalekin eta artearen esparruan egin den ibilbidearen azalpen labur batekin.