Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketa

Irudian rolak eta estereotipoak saihestu beharko dira; dibertsitatea islatzen duten lanek balorazio berezia izango dute.

Covid-19aren pandemiak eraginda bi urteko etenaldiaren ostean, Bilbok Aste Nagusi berezia ospatuko du datorren abuztuaren 20tik 28ra bitartean. Hortaz, Bilboko Udalak, aurtengo jaietako kartela aukeratzeko lehiaketarako deialdia egin du. Lanak aurkezteko epea datorren ekainaren 5ean amaituko da. Lanak telematikoki aurkeztu beharko dira Bilboko Udalaren webgunearen bidez. Bertan ikus daitezke lehiaketaren inguruko argibide guztiak.

Lehiaketa zabalik da parte hartu nahi duen edonorentzat. Parte-hartzaile bakoitzak, gehienez, bi proposamen aurkeztu ahal izango ditu. Lanak originalak eta argitaratu gabeak izango dira eta titulu edo lema bat izan beharko dute identifikazio gisa. Irudian rolak eta estereotipoak saihestu beharko dira; dibertsitatea islatzen duten lanek balorazio berezia izango dute.

Proposamen guztiek derrigorrez honako lelo hau eraman beharko dute: ‘Aste Nagusia. Bilbao 2022. Abuztuak 20-28 Agosto’.

Epaimahai batek lehen aukeraketa bat egingo du eta finalera pasatuko diren 6 kartel aukeratuko ditu. Kartel horien artean irabazlea aterako da. Horretarako bozketa herrikoia egingo da eta irabazlearen izena ekainaren 20ean emango da ezagutzera. Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du.