Jaietan emakumeen aurkako erasoak saihesteko gida

Gidak zenbait jarraibide biltzen ditu emakumeen aurkako erasoak identifikatu eta prebenitzeko, eraso baten biktimei laguntzeko eta eraso baten aurrean erantzun publikoa antolatzeko.

Eusko Jaurlaritzak jaietan emakumeen aurkako indarkeria saihesteko gida bat argitaratu du. Gida udalei, jai batzordeei, ostalaritzako establezimenduei eta “jaiak antolatzen dituzten pertsona, erakunde eta elkarte guztiei” zuzenduta dago.

Gidaren xedea da herrietako jaiak antolatzen dituztenei jarraibide batzuk ematea, eraso matxistarik gabeko jaiez gozatzen lagunduko duten prozesuak bultzatzeko eta indartzeko.

“Jaietan emakumeen aurkako indarkeria matxista prebenitzeko tokiko prozesuak sustatzeko Gida”k zenbait jarraibide biltzen ditu emakumeen aurkako erasoak identifikatu eta prebenitzeko, eraso baten biktimei laguntzeko eta eraso baten aurrean erantzun publikoa antolatzeko. Gainera, ostalaritzari eta txosnei bereziki zuzendutako eranskin bat ere badu.

Beldur Barik

Gida Emakundek eta hiru Foru Aldundiek Eudelekin batera koordinatzen duten Beldur Barik programaren markoan garatu da. Urtero, udako jaiei begira, antzeko egitasmo bat garatzen da.

“Jaiak antolatzen hasten diren lehen unetik, emakumeentzako gune seguruak izan behar dutela beti gogoan izatea nahi dugu; ez jaiak, ez alkoholak, ez jaiek, ez dute pertsonekiko errespetuan oinarritzen ez den jarrerarik justifikatzen; ezerk ez du eraso matxista bat justifikatzen” azaldu du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek.