31 nafar gazte lehen sektorean hasiko dira lanean beren formakuntza amaitu ostean

INTIAk eskainitako formakuntza jaso duten gazteen batez besteko adina 31 urtekoa da, baina bada oraindik 18 urte bete ez dituen bat.

Belaunaldien arteko errelebua nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorearen gabezia nagusietako bat da. Gazteak aipatu sektoreetan sartzen laguntzeko, INTIA-Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak lanbide-trebakuntza egokia eskaintzen du familia-ustiategi bati ekiteko edo harekin jarraitzeko.

Urtarriletik, 31 gaztek nekazaritzari eta abeltzaintzari buruzko 200 prestakuntza ordu baino gehiago jaso dituzte, berrogeita hamar bat hizlari aditurekin. Nekazaritza-ustiategi batean lanean hasteko aukera ematen dien ikasturte hau arrakastaz amaitu duten 31 gaztetatik, 10 emakumeak dira, hau da, % 32, eta gehienak abeltzain gisa arituko dira sektorean. Izan ere, formakuntza espezifikoa jaso duten gazte gehienek (% 58) abeltzaintzan aritu dira. INTIAk eskainitako formakuntza jaso duten gazteen batez besteko adina 31 urtekoa da, baina bada oraindik 18 urte bete ez dituen bat.

Nekazaritzako enpresak

Aipatu formakuntzaz gain, INTIAk, Nekazaritzako Enpresak Sortzeko Laguntza Zerbitzuaren bidez, nekazaritza sektorean ekin nahi duten gazteei aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen die.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamenduak lehen sektorean hasten diren gazteei laguntzeko 3,5 milioi euroko zuzkidura duen laguntza lerro bat onartu du. Aipatu laguntza Nafarroako Landa Garapena 2014-2020 programaren barruan garatu da, 2023 eta 2024 ekitaldien kontura. Laguntzen helburua nekazari gazteen ezarpena sustatzea da, belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko, biztanleria finkatzeko eta landa-ingurunean jarduerak sortzeko neurri gisa. Laguntza horiekin, gainera, Nafarroako nekazaritza ustiategien lehiakortasuna ere hobetu nahi da, landa-eremuan sare sozioekonomiko egonkor, dinamiko eta erakargarri bati eusteko, aukera-berdintasun eta bizi-kalitate egokiarekin.