Euskadiko lurraldearen laurden bat babestuta dago

Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldearen laurden bat inguruk ingurumen babes mailaren bat du. Euskadi hamarkada honen amaierarako Europar Batasunak eskatzen duen % 30etik gertu da. Datuak pasa den maiatzaren 22an ospatu zen Biodibertsitatearen Munduko Eguna dela eta Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen “Euskadiko Ingurumen Profila 2022” txostenean jasotzen dira.

Txostenak gure lurraldean den biodibertsitatea aztertzen du eta era askotako gaiak biltzen ditu, hala nola, babestutako azalera naturala, espezieen kontserbazio-egoera eta euskal inbertsio publikoa.

Txostenak ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-arloko 35 adierazle aztertzen ditu, biodibertsitatea babestearen eta hobetzearen arloan egindako aurrerapenak eta etorkizuneko erronkak ezagutzeko. Aztertzen diren 35 adierazleetatik 26 ingurumenari dagozkie: azalera natural babestuaren azterketa azalera osoarekin alderatuta; interesekoak diren habitaten kontserbazio egoera; espezieen kontserbazio egoera eta joera; ongarrien kontsumoa; euskal plataforma kontinentalean arrasteko arrantzak eragindako itsas hondoaren azalera; atmosferako poluzioaren bilakaera; suteek kaltetu dituzten baso hektareen kopurua…

Txostenean agerian geratzen denez, Euskadiko lurraldearen % 24,4 babestuta dago, hots, 175.330 hektarea. Hala, Europar Batasunaren 2030erako Biodibertsitateari buruzko Estrategiak ezarritako helburura hurbiltzen ari da Euskadi: azaleraren % 30ak babes juridikoa izan behar du. Kontuan izan behar da 2013-18 aldian Euskadin babestutako azalera osoa % 22koa zela.

Kezka

Dokumentuan landa-eremuko hegaztien populazioaren inguruko kezka adierazten da, azken hamarkadan % 44 jaitsi baita. Hori ez da kezka eragiten duen espezie bakarra. Adibidez, euskal kostaldeko alga gorriaren biomasa % 85 murriztu da 25 urteetan, eta Zostera noltii fanerogama —posidoniaren antzeko itsas landarea— ia % 10 gutxitu da bosturtekoan.

Txanponaren beste aldean, azken urteetan beren populazioan hazkunde esanguratsua izan duten espeziak izango lirateke: baso-inguruneetako tximeletak; ubarroi mottoduna; amuarrain arrunta; zarboa