Startups-ak sustatzeko Toribio Echevarria sariak

Sari horien xede nagusia ekintzailetza egitasmoak saritzea da. Hautagaitzak aurkezteko epea ekainaren 20an amaituko da.

Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak Toribio Echevarria Sarien XXXII. edizioa aurkeztu berri dute. Sai horien xedea da Euskadin ematen diren ekintzailetza egitasmoak saritzea eta beren jardueraren hasieratik horrelako proiektuak sustatzen dituzten pertsonak laguntzea.

Hautagaitzak aurkezteko epea datorren ekainaren 20an amaituko da. Oinarriak sarien webgunean aurki daitezke.

Saria bi atal nagusitan banatzen da: ‘Enpresa berria’ eta ‘Enpresa asmoak’. Bakoitzak 10.500 euroko diru zuzkidura du eta irabazleek laguntza, finantzaketa, aholkularitza, mentoring eta prestakuntza programetan parte hartzeko aukera izango dute.

Aipatu bi sari nagusi horiez gain, beste hiru sari ere banatuko dira: ‘Nazioartekotza babesa saria’ eta Eibarko Udalak bereziki ematen dituen ‘Eibarresa enpresa’ eta ‘Espezializazio estrategikoa’ sariak. Azken bi sari horien xedea da udalerrian berrikuntzaren eta ekintzailetza teknologikoaren aldeko apustua indartzea. Bi sari horiek ere 10.500 euroko diru zuzkidura dute eta irabazleek BIC Gipuzkoak eskainitako formakuntza espezializatua jasoko dute. Kasu bietan, hautagaiek bere egoitza Eibarren izan beharko dute edo bestela, saria jaso eta, gehienez, urtebeteko epean Eibarren egoitza jartzeko konpromisoa izan beharko dute, gutxienez, bi urtetarako.