New Yorkeko Guggenheimen lan egiteko aukera

Online praktikak egiten diren bitartean bekadunek proiektu bat garatu beharko dute eta dagokien sailean egiten diren bilera eta jardueretan parte hartu beharko dute.

Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim Museoek Euskal Herriko lau gazteri New Yorkeko Guggenheim Museoan esperientzia profesionala izateko aukera eskaintzen dien beken programaren zortzigarren edizioa deitu dute. Izena emateko epea ekainaren 13an amaituko da eta beka lortzen duten gazteek 1.750 dolarreko laguntza jasoko dute.

Aurtengo edizioa, aurreko biak bezala, formatu birtualean izango da eta urria eta abendua bitartean garatuko da. Euskal ikasleentzako udazkeneko beken programak esperientzia profesionala eskaintzen du New Yorkeko Guggenheim Museoko hainbat sailetan, artearen eta museoen arloan, eta azken mailako edo graduondoko ikasleei eta lizentziatu berriei zuzenduta dago, baldin eta 2020ko urtarrilaren 1etik Euskal Herrian jaio eta/edo bizi badira eta ingeles hizkuntzan idazmen eta mintzamen maila altua badute.

Online praktikak

Esan bezala, graduko azken urtean diren ikasleak, graduondoko ikasleak eta 2019-20 ikasturteaz geroztik unibertsitate ikasketak amaitu dituzten ikasleak aurkez daitezke. Praktikak online burutuko dira, hots ez da New Yorkera bidaiatu behar. Bekadunek honako alor hauetan lan esperientzia hartzeko aukera izango dute: erakusketen diseinua, hezkuntza, komunikazioa, esperientzia digitala, marketina, kontserbazioa, kultura edo argazkilaritza.

Praktikak egiten diren bitartean bekadunek proiektu bat garatu beharko dute eta dagokien sailean egiten diren bilera eta jardueretan parte hartu beharko dute.

Horrez gain, praktikak osatzeko, “Museum Culture Seminars” online mintegietara joan beharko da. Bertan, parte-hartzaileek Museoko profesionalak eta beste bekadun batzuk ezagutzeko eta haiekin birtualki elkarreraginean aritzeko aukera izango dute. Horri esker, komunitate bat sortuko dute kultura-sektoreko gaurkotasun-gaiei buruz hitz egiteko. Deialdian parte hartu nahi duten horiek ekainaren 13ra arte izango dute izena emateko aukera Guggenheim Bilbao Museoaren webgunean.

Argibide gehiagorako: basqueinternships@guggenheim-bilbao.eus