Arabarrak kezkatuta ekonomiarekin eta enpleguarekin

Arabako Gizarte Pertzepzioari buruzko Azterketak azaltzen duenez, inkestatutakoen % 86k uste du oraindik ere ez dela pandemia gainditu

Maiatzeko Arabako Gizarte Pertzepzioari buruzko Azterketaren arabera, Arabarrek nota altua ematen diote, 10 puntutik 7,5 puntu, Araban den bizi-kalitateari. Gainera, beren bizi-kalitatea ona edo oso ona dela dioten horien kopurua % 83raino igo da.

Araban bizitza nolakoa den galderari emandako erantzunen artean gehien errepikatzen dena ‘nahiko ondo’ da (% 64). Jarraian, ‘oso ondo’ (%18). Lurralde Historikoan den bizi-kalitatea negatiboki hautematen duten horien kopurua oso txikia da (% 3) eta puntu batean jaitsi da aurreko azterketarekin alderatuta.

Inkesta jasotako erantzunen arabera, arabarren kezka nagusiak ekonomia eta enplegua dira. Bi aldagai horiek pasa den urteko urrian egindako azterketan ere aipatzen ziren kezka nagusi bezala, baina kopuruak nabarmen aldatu dira. Horrela, galdetutako 10 pertsonatik 6k jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea aipatu dute kezka nagusitzat. Ondoren, errepideak, azpiegiturak, garraioak eta komunikazioak aipatu dira gehien. Inkestatutakoen laurden batek arazo horiek aipatu ditu.

Covid-19

Kezken artean, oraindik ere osasuna eta Covid-19 aipatzen dira eta kezken zerrendaren hirugarren postuan aurkitzen dira. Dena den, kezka hori duten arabarren kopurua nabarmen jaitsi da. Kontuan izan behar da inkesta egin zenean osasun-egoera kontrolatuta zegoela eta prebentzio-neurri gehienak bertan behera zeudela. Horrela, aurreko inkestan arabarren % 27k kezka hau aipatzen zuen bitartean, oraingoan, % 11 besterik ez.

Hamar pertsonatik lauk uste dute Araban inguruko beste probintzietan baino hobeto bizi dela, lau puntuko igoera nabarmenarekin. Inkestatutakoen erdiak dio berdin bizi dela. % 8k bakarrik adierazi du okerrago bizi dela, aurreko aldian baino portzentaje txikiagoa (% 10).

Inkestatuen erdia baino gehiago ( % 55) baikorra edo oso baikorra da Arabako etorkizunari dagokionez; % 12, berriz, oso ezkorra da.

Ekonomia

Arabak bizi duen egoera ekonomikoari dagokionez, hiritarren heren batek baino gehiagok (% 38) ikuspegi positiboa du. Ostera, % 45ek ez dute esan egoera positiboa edo negatiboa denik. Arabako ekonomiaren egungo egoera 2021ekoarekin alderatzeko orduan, pertsonen erdiak baino gutxiagok uste du egoera okerragoa dela ( % 44), eta % 26k uste du hobera egin duela.

Arabako enpleguaren egoerari dagokionez ere, egoera neutroa da nagusi (% 47) herritarren artean. Hala ere, elkarrizketatutako lau pertsonatik hiruk balorazio positiboa egin dute alderdi horri buruz, eta datu hori nabarmen handitu da aurreko aldian baino (% 24).

18 eta 34 urte bitarteko gazteak dira egoera ekonomikoaren eta enpleguaren bilakaeraren pertzepzio baikorrena dutenak, eta iritzi positiboa dute kolektibo horren % 48k eta % 43k, hurrenez hurren.

Ikerfelek egindako inkesta honetarako, 1.200 elkarrizketa egin zaizkie, guztira, telefonoz, Araban bizi diren adin nagusiko pertsonei, eta horrek esan nahi du laginaren akatsa ± % 2,9koa dela, konfiantza-maila % 95,5ekoa izanik. Elkarrizketak aurtengo maiatzaren 3tik 18ra bitartean egin ziren.