16 urtetik gorakoek gidatu ahal izango dute B1 baimen berriarekin

Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) ezarriko duen B1 gidabaimen berriari esker, 16 urteko gazteek L7e kategoriaren barruan diren ibilgailuak gidatzeko aukera izango dute. Kategoria horren barruan aurkitzen dira, hutsean 400 kg edo gutxiagoko masa duten ibilgailuak (550 kg, salgaiak garraiatzeko ibilgailuak badira), ibilgailu elektrikoetarako baterien masa kontuan hartu gabe, gehienez ere 90 km/h-ko abiaduran, 15 kW edo gutxiagoko eta 20,4 ZP-rainoko potentzia maximoa duen motorra dutenak. Merkatuan, adibidez, kategoria horretan,honako kotxe hauek aurki daitezke: Renault Twizy, Citröen AMI, Opel Rocks-e, e-Aixam Coupé edo City, edo XEV Yoyo.

B1 gidabaimena Europar Batasuneko 2006/126/EE Zuzentarauan jasotako gidabaimen kategorietako da. Hala ere, arau horretan ez da B eta B1 gidabaimenen prestakuntza teorikoa bereizten eta, ondorioz, azterketaren edukia estatu bakoitzaren esku uzten da.

B1 gidabaimena jada indarrean da Portugal, Italia, Frantzia eta Erresuma Batuan. Baimen ‘berriak’ urtean milioi bat pertsona ingururi eman ahal die mugikortasun elektrikorako lehen sarbidea.

Epe laburrean, B1 gidabaimena ezartzearen abantailetako bat joan-etorrien segurtasuna areagotzea izango litzateke. Izan ere, baimen horri esker, ibilgailuak modu arrazionalean eta mailakatuan gidatzeko aukera izango dute gazteek.

Gainera, gidabaimen horrekin klima-aldaketaren aurka egin daiteke, kategoria horretan sartzen diren ibilgailu ia guztiak elektrikoak direlako. Ibilgailu horiek Europako emisioen estandarrak betetzen dituzte eta Parisko Akordioaren helburuak betetzen laguntzen dute. Gidabaimen berria datorren urtean jarriko da indarrean.