Portugaletek bere 700. urteurrena ospatuko du

Ekainaren 10etik 12ra bitartean, hamaika jarduera programatu dira data esanguratsu hori ospatzeko: Erdi Aroko azoka, musika, antzerkia, dantza, Velasco eta Salazar bandoen arteko bataila, Maria Diaz Harokoari egingo zaion harrera…

Ekainaren 10ean, ostirala, hasiko da Portugalete hiribilduaren zazpigarren mendeurrena ospatzeko egitaraua. Portugalete hiribildua Maria Diaz Harokoak (‘Ona’ ezizenarekin ezaguna) eratu zuen 1322. urtean, Bizkaiko beste hiribildu batzuk bezala. Hiribildua aurretik zen arrantzaleen herrixka batean eraiki zen.

Efemeride honetan ehunka herritar bildu dira 1322ko ekainaren 11tik herriaren historia berreskuratzeko asmoz.

Ekainaren 10etik 12ra bitartean, hamaika jarduera programatu dira data esanguratsu hori ospatzeko: Erdi Aroko azoka, musika, antzerkia, dantza, Velasco eta Salazar bandoen arteko bataila, Maria Diaz Harokoari egingo zaion harrera…

Programazioa

Programazioa ekainaren 10ean hasiko da Erdi Aroko azokarekin. Egun berean, arratsaldeko 8etan, Velasco eta Salazar bandoen arteko bataila antzeztuko da. Bataila hau danbor musikaz eta dantzaz osatutako ikuskizuna da, aurrez aurre dauden bi bandokide familien arteko bataila simulatzen duena. Ibilbide bat izango da eta hiru puntu zehatzetan batailak antzeztuko dira danbor musika eta dantzaren bidez. Gauean, ‘La Pegatina’ taldearen kontzertua izango da.

Larunbatean, ekainak 11, harrera egingo zaio hiribildua eratu zuen Maria Diaz  Harokoari. Bizkaiko hamargarren andrea izan zena “El Saltillo” ontzian iritsiko da Portugaletera. Bertan, 500 bizilagun inguru izango ditu zain.

Egunean zehar hainbat musika-ikuskizun izango dira eta gauean, ‘Argi-gaua’ mapping ikuskizuna izango da Udaletxean. Argia ardatza duen ikuskizun honetan udaletxeko eta Alde Zaharreko zenbait eraikinen fatxada nagusiak kolorez beteko dira.

Azkenik, ekainaren 15etik 19ra, itsasontzien elkarretaratze bat izango da. Bertan, besteak beste, Magallanes eta Elkano buru zituela, duela 500 urte munduari lehen itzuli osoa eman zion Victoria Naoaren erreplika; XVII. mendeko ‘Andalucía’ espainiar galeoiaren erreplika; Albaolan eraikitako ‘Juanita Larando’ patatxea; 1927an eraikitako ‘Lucretia’ holandar belaontzia; eta ‘Tanit’ belaontzi klasikoa izango dira. Ontzi horiek guztiak doan bisitatu ahal izango dira.