Kultura Bilboko auzoetan

Gau Zuriaren eta Kalealdiaren artean ospatuko den ezohiko programa hau ‘asteburu bakar batean inoiz egin den jarduerarik handiena da’

Ekainaren 23tik 26ra bitartean “Kultura Auzoz Auzo” programaz gozatu ahal izango da Bilboko auzoetan. Bilboko Udalak antolatu duen ezohiko programa hau, Udalak berak aitortu duenez, “asteburu bakar batean inoiz egin den jarduerarik handiena da”. Programak, gainera, hirian izango diren bi hitzordu garrantzitsuren arteko zubi lanak egingo ditu: Bilboko Gau Zuria (ekainak 17 eta 18) eta Bilboko Kalealdia (ekainak 27-uztailak 2).

Kultura Auzoz Auzo programan tokiko 20 konpainiak parte hartuko dute Argentinako Brassass konpianiarekin batera. Proposamenak hiribilduko auzo guztietara iritsiko dira: zirkoa, kontzertuak, kaleko antzerkia, maskaradak, kalejirak, fanfarreak, erraldoiak… Guztira doako 42 ikuskizun izango dira Bilboko zortzi barrutietan zehar. Egitasmoaren xedea da proposamen dibertigarri eta ibiltariak auzoetara gerturatzea hurbileko inguruneetan kulturaz gozatu ahal izateko.

Programan parte hartuko duten konpainiak eta artistak honako hauek izango dira: Dixiemulando, Afrika Ruge Kawadeni, Ondalan Erraldoien Konpartsa, Afro Sound System, Orkresta, Brazztet Mv, Brassass, Zo-Zongó!!!, Granujas A Todo Ritmo, Rebeldes Del Swing, Panpotx Kultur Elkartea, Sugarri Show, Mairuek Gaztediko Erraldoiak, Marmara Marching Band, Charlot Jazz Band, Batukale Samba, Zirkozaurre, Zazpikale Folklore Elkartea, Barkoxeko Etxahun Alkartea eta  Crazy Jazzers.