Partaidetza-kontzertu erraldoia Bilbon

Datorren azaroaren 25ean Bilbao Arenan ospatuko den Fair Saturday 2022 Inaugurazio Ekitaldiak 2.500 artista baino gehiagoren partaidetza izango du. Bertan izango diren artisten artean, besteak beste, Gatibu, Kalakan, Afrika Bibang edo Deabru Beltzak azpimarra daitezke. Benidorm Fest jaialdiko arduradun Iñaki Irastorza izango da zuzendari eszenikoa.

Fair Saturday egitasmoa Black Friday kontsumistari erantzuteko sortutako egitasmoa da eta kontsumoaren aurretik kultura eta egitasmo sozialak gizartearen erdigunean jartzea du helburu. 2014. urteaz geroztik mugimendu hau handituz joan da eta Europako beste hiri eta lurraldetara zabaldu da.

Fair Saturday inaugurazio ekitaldian musika izango da protagonista. 2018. urteaz geroztik, urtero, ekitaldi honetan parte hartzen duten artisten kopurua hazi da. Horrela, hasierako 300 artistatik aurten aurreikusita dauden 2.500 artistara pasatu da. Kopuru horrekin,  Europan izango den partaidetza-kontzertu handienetakoa izango da. Bizkaiko 30 udalerritako, 90 kultura eta hezkuntza erakundeek parte hartuko dute FS22 ekimenean, Europako kontzertu-abesbatza handienetako bat osatuz.

Sarrerak www.eventoinaugural.org webgunean izango dira salgai. Prezioak 15 eta 40 euro bitartekoak izango dira. Kontzertuan 6.000 pertsona inguru biltzea espero da. Kontzertua grabatuko da eta gabonetan ETBn ikusi ahal izango da.