Gasteizek gazteentzako lokal baten erabilera onetsi du

Mirari Rol-Jokoak Elkarteak udalarena den lokal bat erabili ahal izango duen lehen elkartea izango da.

Gasteizko Udalak gazteei zuzendutako jarduerak egiteko lokal baten erabilera baimentzeko egin duen lehen deialdiaren onuraduna Mirari Rol-jokoak elkartea izango da. Udalak, 12 eta 30 urte bitarteko gazteentzako jarduerak egiten dituzten elkarteei gune bat uzteko deialdia luzatu zuen eta Mirari Rol-jokoak elkartearena jaso den bakarra izango da. Hortaz, aipatu elkarteak Loreto Arriola kalean den 68 metro koadroko lokal bat erabili ahal izango du.

Jarduerak egiteko espazioen premiaren ondorio jaio zen ekimen hau, norberaren interesak garatzeko eta harremanetarako leku bat eskainiko baitzaie gazteei, beren beharrei erantzungo dien aisialdia susta dezaten. Udalaren Gazte Planetan jaso da premia hori; zehazki, “Erronka Gazteak” azken Gazte Planean.