Nazioarteko mugikortasunerako Global Training Programa

Atzerriko enpresa eta erakundeetan trebatzeko aukera ematen duen programan izena emateko epea datorren uztailaren 18an amaituko da

Datorren uztailaren 18ra arte zabalik izango da nazioarteko mugikortasunerako Global Training 2022 beka deialdian izena emateko epea. Deialdian unibertsitateko graduko ikasketak edo Lanbide Heziketako goi-mailako gradua duten Euskal Autonomia Erkidegoko 30 urtetik beherako gazteek parte hartu ahal dute.

Programak atzerrian profesionalki trebatzeko aukera eskaintzen du ordaindutako praktiken bidez hautagai bakoitzaren formakuntza akademikora egokitzen diren enpresa edo erakundeetan.

Programak gazteriaren nazioarteko mugikortasuna sustatzen du eta gazteei beren profil akademiko eta profesionalarekin lotutako jarduerak eta proiektuak egiteko aukera eskaintzen die aurrez planifikatutako prestakuntza praktikoko plana duten atzerriko herrialdeetako enpresa eta erakundeetan.

Guztira 500 plaza eskaintzen dira. Egin beharreko praktikek, gutxienez, 6 hilabeteko iraupena izango dute, baina 12 hilabete bitartekoak ere izan daitezke. Aurretik 40-60 orduko aurre-formakuntza ere eskaintzen da. Praktikak egiten diren bitartean gazteek 1.530 euro jasoko dituzte, sei hilabetez.

Beka hauek jaso ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

  • Goi-graduko unibertsitate-titulu bat edo goi-graduko lanbide-heziketako titulu bat izatea.
  • 2021eko urtarrilaren 1ean 31 urte beteak ez izatea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egotea, gutxienez azken 12 hilabeteetan.
  • Atzerrian praktikak egiteko 6 hilabeteko edo gehiagoko egonaldiak eskaintzen dituen beste bekarik lortu ez izana.
  • Ingeles maila altua izatea (B2, unibertsitateko irakaskuntza ofizialen gradu-mailako titulazioen kasuan eta B1 goi-graduko lanbide-heziketaren kasuan. Titulazio hori ez dutenek ingeles-azterketa bat gainditu beharko dute).
  • Praktikak egin nahi dituzten enpresak edo organismoak eskatutako profilera egokitzea.