‘Portugalete Uri Urena’ ipuin lehiaketa

Aurtengo edizioan kontakizun laburren kategoria berri bat izango da, euskaraz bakarrik, hiriaren 700 urteko historiaren omenez

Bueltan da Portugaleteko Gazteria Zerbitzuak antolatzen duen ‘Portugalete Uri Urena’ ipuin lehiaketa. Pandemiak eraginda bi urteko etenaldiaren ostean, aurten, eta hiribilduaren 700. urteurrenarekin bat eginez, lehiaketak bere XXX. edizioa ospatuko du. Urteurren horren omenez, gainera, kontakizun laburren kategoria berri bat izango da, euskaraz soilik.

Horrela, lehiaketa hiru ataletan banatuko da: adin nagusikoak (18 eta 30 urte bitarteko gazteak), adingabeak (14 eta 17 urte bitartekoak) eta kontakizun laburren atal berria. Guztira 5.000 euro banatuko dira hiru kategorietako sarietan.

Lehiaketaren xedea herriko gazteen sormen narratiboa sustatzea da eta, ahal izanez gero, euskaraz bada, hobe.

Kontakizunak, originalak eta argitaragabeak, aurkezteko azken eguna 2022ko urriaren 17a izango da. Lan guztiak emailez juventud@portugalete.org helbidera edo postaz (Gazteria Saila, Solar plaza, 48920 Portugalete) bidali beharko dira.

Irabazleak urte honen amaieran edo 2023ko hasieran ezagutzera emango dira. Sarituak diren ipuinekin liburu bat argitaratuko da.