Ipar Euskal Herrian euskara sustatzeko hitzarmena

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2021-2025 aldirako hitzarmena sinatu dute

Euskararen Erakunde Publikoak eta Eusko Jaurlaritzak 2007. urteaz geroztik mantentzen duten lankidetza berritu dute. Zehazki, bi erakundeek 2021-2025 aldirako hitzarmena sinatu dute eta, horri esker, euskararen erabilera eta transmisioa sustatzen duten eragile pribatuek garatutako egitasmoak diruz lagunduko dira. Aurtengo aurrekontua ia bi milioi eurokoa izango da (1,93 milioi). Kopuru horretatik EEPak 1,53 milioi jarriko ditu eta Eusko Jaurlaritzak 0,4.

Bi erakundeek sortutako funtsa bi multzotan banatuko da. Alde batetik, ia 800.000 euro bideratuko dira Iparraldeko 14 eragilek egiten duten lana finantzatzera. Beste kopuru bat bestelako eragile pribaturi zuzenduko zaion dirulaguntza deialdi batera bideratuko da. Deialdi horretan lau izango dira jarraituko diren irizpideak: egitasmoaren kalitatea, proiektuaren eragina euskararen transmisioa edota erabileraren garapen iraunkorrean, aurreikusitako egitasmoaren ebaluazioa eta egitasmo eramailearen ibilbidea.