Zabalik MartxUp! programan proiektuak aurkezteko epea

Donostian bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteek uztailaren 27ra arte aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak

Donostia Gazteriak antolatzen duen MartxUp! programaren bosgarren edizioan egitasmoak aurkezteko epea zabalik izango da datorren uztailaren 27ra arte. Ekimen horren xedea da Donostiako gazteriaren ideiak garatzen laguntzea. Horretarako, gazteak  Donostiako bizitza sozial, kultural eta ekonomikoan aktiboki sartzeko aukera sustatzen da.

Egitasmoak www.martxup.eus webguneren bidez aurkeztu behar dira. Programan 18 eta 30 urte bitarteko gazteek parte har dezakete, banaka zein taldeka. Dena den, hautatuak diren egitasmoetan taldeka lan egin beharko da. Parte hartu ahal izateko, gutxienez taldeko kide batek donostiarra izan beharko du.

Proiektuak

Egitasmoetan hainbat gai jorratu ahal dira baldin eta diskriminatzailea ez bada generoari, arrazari edo beste alderdi batzuei dagokienez. Proiektuak edozein fasetan aurkezten ahalko dira: zirriborro fasea, garapen fasea edo inplementazio fasea. Aurkezten diren proiektuek bi ezaugarri izan beharko dituzte: Donostian garatu beharko dira eta hiriaren edo bertan bizi diren hiritarraren onurarako izango dira.

Epaimahaiak kontutan hartuko dituen bestelako alderdiak egitasmoen bideragarritasuna, originaltasuna, berrikuntza eta zehaztasun maila izango dira. Hurrengo fasera pasatu diren egitasmoak irailean emango dira ezagutzera.

Hautatuak diren egitasmoen kideek formakuntza espezializatua jasoko dute garatu behar duten egitasmoaren baitan. Garapen fasea da prozesuaren faserik garrantzitsuena, bertan egitasmo bakoitzaren definizioa eta egitea burutu behar baitira.

Proiektuen garapena eta prototipoen sorrera berariazko gainbegiratze teknikoaren pean egingo dira garapen-fasean. Fase hori bost tailer ezberdinetan banatuko da. Tailer horietan, programan parte hartzen ari diren gazteek ez ezik, bestelako gazteek ere parte hartzeko aukera izango dute.