400 ekitaldi Andre Mari Zuriaren jaietan

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, aurten bueltan izango dira Gasteizko zaindariaren jaiak bere ohiko formatuan.

Bueltan da Zeledon, bueltan dira blusen eta nesken koadrilak eta bueltan da festa Gasteizko kaleetara. Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ostean, aurten bueltan izango dira Gasteizko zaindariaren jaiak bere ohiko formatuan. Aurten, gainera, Andre Maria Zuria hiriko zaindari izendatu zuteneko 200. urteurrena ospatzen da.

Zeledonen jaitsiera abuztuaren 4an izango da, baina bi aste lehenago, eta giroa berotzeko, musika-programazio berezia izango da, ikuskizun ibiltariekin eta kontzertuekin. Horien artean, uztailaren 30ean Espainia plazan Anne Etchegoyenek eskainiko duen kontzertua azpimarra daiteke.

Sei egunetako programa

Sei egunetako programazioaren barruan publiko ororentzat zuzendutako 400 ekitaldi baino gehiago bildu dira. Foru plazan egin ohi diren kontzertuei dagokienez, abuztuaren 4an Tanxugueiras talde galiziarraren txanda izango da. Abuztuaren 5ean Mikel Erentxunek hartuko du erreleboa. Abuztuaren 6an rock&rolla izango da nagusi Foru plazako eszenatokian Rulo y la Contrabanda taldearekin. Hurrengo egunean, euskal musikaren izen handienetako bat den Izaroren txanda izango da eta, azken kontzertua, Talco italiar taldearen eskutik etorriko da.

Gasteizko jaietako gaueko beste plaza enblematiko bat Aihotz plaza da. Bertan, abuztuaren 5etik 8ra, honako artista hauen kontzertuak izango dira: Gozategi, Olatz Salvador, Harresian Zulo eta Neomak.

Kontzertu gehiago izango dira Espainia plazan. Adibidez, abuztuaren 6an, LOS40 Classic kontzertua izango da DJ Jorge Sánchez eta Modestia Aparte taldearekin. Abuztuaren 7an, berriz, Probintzia plazan, David Civeraren kontzertua izango da.

Musikaz aparte, umoreak eta haurrentzako ekitaldiek ere bere lekua izango dute programazioaren barruan. Umorearen Txokoa ezaguna Prado parkean izango da aurten eta tokiz aldatu den beste jarduera ezagun bat haur eta gazteentzako Abentura Gunea da; aurten Arriaga parkera mugituko da.