Lan bila zabiltza? Zatoz atarira

Bizkaiko Foru Aldundiak enplegu-programa guztien inguruko informazioa bildu eta aurretiko online izen-ematea ahalbidetuko duen atari bat jarri du martxan

Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko Enpleguaren Ataria jarri du abian. Bertan, foru erakundearen eta DEMA-Enplegu eta Ekintzailetza Foru Agentziaren enplegu-programa guztiak bilduko dira. Ataria Internet nabigatzaile baten bidez bisita daiteke, baina bada sakelako telefonoetarako aplikazio bat ere (Android eta iOS). Gainera, plataforma berriak aurretiko online izen-ematea ahalbidetuko du.

Tresna berri honek bat egingo du Bizkaiak finantzatzen eta sustatzen dituen enplegu-programetara sartzeko eta komunikatzeko ohiko bitartekoekin.

Atarian enplegu programa guztiak bilduko dituen atala izango da atalik garrantzitsuena, baina horrez gain, bestelako informazioa ere eskainiko da, hala nola, berriak eta albisteak, enplegua bilatzen laguntzeko tutorialak edo Atariaren inguruko informazio orokorra.

Atarian lan bila sartzen diren horiek interesekoa duten programaren bat aurkitzen dutenean, bertatik izango dute izena emateko aukera. Horretarako, aldez aurretik alta eman beharko da erabiltzaile gisa.