Oporretarako gogoak, bidaiatzeko gogoak

Euskaldunon bi herenak aisialdi bidaiaren bat egingo du uda honetan. Gazteak dira joan-etorriren bat egiteko gogo gehien azaltzen dutenak: 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 83k eta 30 eta 45 urte bitarteko % 77k.

Musukoz eta mugez betetako bi udararen ondoren, hauek izango dira 2020ko martxoan koronabirusa gure bizitzan sartu aurretik izan genituen bezalako udako lehen oporrak. Ondorioz, ez da harritzekoa, oporrak hartzeko inoiz baino gogo handiagoa izatea aurten. Musukoak alde batera utzi ditugu eta ia ez da murrizketarik atzerrira bidaiatzeko txertaketa-jarraibide osoa izanez gero. 

Aurreikuspenen arabera, uda honetan 2019. urteko kopuruetara iritsiko gara turismoari dagokionez, hots, pandemia aurreko kopuruetara. Ez dugu ahaztu behar ekonomia ez dela bere unerik onenean, besteak beste, inflazioaren gorakadak azken zentimora arte begiratzera behartzen baitu, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteak eta Turismo Sailak burutu duten ‘Turismoari buruzko euskal herritarren iritziak’ txostenak agerian utzi duenez, “oso edo nahiko seguru”, euskal herritarren % 66k aisialdiko bidaiaren bat egingo du uda honetan, eta % 53 dagoeneko hasi da oporretako irteera prestatzen.

Covid-arekiko beldurra jada ez da oporretan joateko aitzakia eta inkestatutakoen % 3k besterik ez du aipatu arrazoi hori. Ostera, gazteak omen dira aisialdiko bidaiaren bat egiteko gogo gehien azaltzen dutenak. Zehazki, 18 eta 29 urte bitarteko gazteen % 83 eta 30 eta 45 urte bitartekoen % 77.

Bestalde, euskaldunon % 32k dio aurten ez duela oporretako bidaiarik egingo uda honetan. Horietatik, heren batek arrazoi familiarrak edo pertsonalak ditu ez bidaiatzeko; % 23k ez du egingo arrazoi ekonomikoengatik; % 18k denbora falta edo bestelako jarduerak (ikasi edo lan egin) egin beharra aipatzen du; % 10ak nahiago omen du etxean geratu; eta, azkenik % 4k ez du bidaiatzeko gogorik.

Helmuga gogokoenak

Euskaldunok uda partean egingo ditugun bidaia gehienak astebetekoak (% 46) edo bi astekoak (% 34) izango dira. Gehiengoak Espainiara bidaiatuko du, eta estatuaren barruan, gogokoen diren helmugak Asturias, Kantabria eta Galizia dira. % 15ek Europako beste herrialderen batera bidaiatuko duela adierazi du eta % 7k, berriz, Europatik kanpo.

Inkestan parte hartu duten pertsonen ia erdiak (% 43k) Euskadin bertan egingo du joan-etorriren bat urtea amaitu baino lehen. Uda honetan, kostako turismoa (% 52) ere nabarmentzen da; bigarrenik, hiriak ezagutzea (% 28) eta naturan jarduerak egitea (% 27).

Inkestari erantzun diotenen erdia baino gehiago bidaia prestatzen hasiak ziren galdetuak izan zirenean (% 53). Eta bidaiaren inguruko informazioa lortzeko eta erreserbak egiteko, nagusiki, Internet erabiltzen da: bidaiatzeko tokiari buruzko informazioa lortzeko (% 68), ostaturi buruzkoa (% 68), garraiobide egokiena aukeratzeko (% 66), lekuan bertan egin beharreko jardueren inguruko informazioa bilatzeko (% 58) eta gastronomiaren inguruko informazioa bilatzeko (% 53).

Udako oporraldiei begira, gehienek ostatua (% 67) edo garraioa (% 31) erreserbatu dute; gainerakoen % 10ak ez du ostatua erreserbatu beharrik izango, eta % 45ak ez du garraioa erreserbatu beharrik izango (berea erabiltzen dutelako ulertzen da). Soilik % 8k erreserbatu du jada helmugan egin beharreko jardueraren bat.

Nola bidaiatzen dugu euskaldunok?

Txostena, uda honetarako euskaldunok ditugun zaletasunak aztertzeaz gain, bada gure oporrak prestatzeko ditugun ohituren eta lehentasunen erradiografia bat ere. Horrela, oporretan kanpora joateko edo joan-etorri laburrak egiteko ohitura nahiko zabalduta dago gure artean. Hala ere, nabarmendu behar da pandemiaren ostean zertxobait jaitsi dela.

Inkestan parte hartu dutenen % 77k, adibidez, adierazi du astebete edo gehiagoko oporrak hartzeko ohitura duela gutxienez urtean behin. Horietako % 38k, berriz, urtean behin baino gehiagotan egiten ditu bidaia horiek.

Era berean, euskaldunon % 58k dio joan-etorri laburragoak egin ohi dituela, gau bakarrekoak edo bi gauetakoak, gutxienez, urtean behin. Eta horietatik guztietatik, % 49k urtean behin baino gehiagotan egiten ditu horrelako irteerak.

Pandemia aurretik, euskaldunon % 83k bidaiaren bat egiten zuen urtero eta % 64k gau bateko edo gehiagoko joan-etorriak egiten zituen.

Gaua eman gabe egiten diren bidaiak

Ohiko ‘oporrez’ gain, gure artean nahikoa zabalduta dago gaua eman gabe egiten diren egun bakarreko bidaiak. Txostenean jasotzen denez, % 71k horrelako irteerak egiten ditu, gutxienez, urtean behin. Eta horien guztien artean, % 22k hilero egiten ditu horrelako joan-etorriak; % 44k zenbait aldiz urtean zehar; eta, % 5ek urtean behin. Horrelako txangoak ere ohikoagoak ziren pandemia aurreko garaian: euskaldunon % 81ek horrelako joan-etorriak egiten zituen, gutxienez, urtean behin. Gainera, % 42k bigarren etxebizitza bat du oporretan erabili ahal izateko, bai jabegoan edo, bestela, familiarena.

Euskaldunok, orokorrean, gure bikotekidearekin (% 38) edo bikotekidearekin eta seme-alabekin (% 25) bidaiatzen dugu.

18 eta 29 urte bitarteko gazteak dira bidaiatzeko modu ezberdin gehien erabiltzen dituztenak: % 26k lagunekin bidaiatzen du; % 28k bikotekidearekin; eta, % 21ek gurasoekin edo bestelako senitartekoekin.

Bidaiaren antolaketa

Gehienek nahiago dute bidaiak pertsonalki planifikatu (% 64), eta % 17k baino ez du bidaia-agentzia batera jotzen. 65 urtetik gorako pertsonak joaten dira gehien horrelako establezimenduetara egin nahi duten bidaiari buruzko informazioa jasotzera (% 38), eta horiek erosten dute gehien, halaber, turismo-pakete osoak (% 8).

Inolako planifikaziorik gabe bidaiatzen duten horien artean, berriz, 30 eta 45 urte bitartekoak dira nagusi.

Bidaietarako eta joan-etorrietarako euskaldunok erabiltzen dugun informazio iturri nagusia Internet da. Lau dira horretarako erabiltzen diren bide nagusiak: webgune espezializatuak (% 39), sare sozialak (% 13), bidaietako blogak (% 8) eta Interneteko bilaketa orokorrak (% 2). Bidaiak eta joan-etorriak planifikatzeko gehien erabiltzen den bigarren informazio-iturria lagun eta senideen gomendioak dira (% 57).

Bidaien inguruko informazioa bilatzeko edo, zuzenean, erreserbak egiteko euskal herritarrok gehien erabiltzen dugun plataforma, eta alde handiarekin, Booking da (% 41). Jarraian, Google (% 11), Tripadvisor (% 8), Airbnb (% 7) eta Skyscanner (% 7) aurkituko lirateke. % 11k bestelako plataformak erabiltzen ditu.

Turismoaren eragin positiboa

Pandemia aurreko urteetan sarritan hitz egin da turistifikazioaz, Airbnb efektuaz, turistek masifikatutako hiriez eta horiek bertako biztanleei eragiten zizkieten eragozpenez.

Eusko Jaurlaritzak egin duen inkestan jasotako datuen arabera, turismoak eragiten dituen eragozpen edo ondorio horien kexu direnen ehunekoak behera egin du.

Horrela, Euskadiko biztanleriaren % 97k turismoa ekonomiaren eta enpleguaren garapenerako elementu garrantzitsu bat dela uste du. Horietatik guztietatik, % 70ek turismoa gizartearen eta ekonomiaren garapenerako oso elementu garrantzitsua dela uste du. Gainera, % 84k uste du jarduera turistikoa gure egunerokotasunaren elementu positiboa dela. Datu hori 3 puntutan hazi da 2021. urtearekin alderatuta. Ildo berean, behera egin du beren udalerrian turista kopuru handi baten pertzepzio subjektiboa gustuko ez dutela diotenen kopuruak, % 10era, hain zuzen ere.

Eusko Jaurlaritzaren ustez, datu horiek egiaztatzen dute “euskal gizarteak modu positiboan hartzen dituela turistak eta Euskadiren tokiko garapenerako eta ekonomiarako horiek duten garrantzia ulertzen dute”. Azken datuen arabera, Euskadin turismoaren industria BPGaren % 6,4 da eta zuzeneko lana eskaintzen die 100.000 familia baino gehiagori.