Sexu-aniztasunerako irekiak

Euskal gizartea tolerantea da sexu- eta genero-aniztasunarekin, baina zenbait esparrutan LGTBI kolektiboak diskriminazioa jasaten duela onartzen du. Biztanleen % 13,5ek adierazi du sexu-orientazioak edo -identitateak eragindako eraso fisikoren baten lekuko izan dela.

Euskal gizarteak, orokorrean, sexu-aniztasunerako zabalik dagoela dio, baina errealitatean ez dago hain irekita. Hori da, hain zuzen ere, Ikuspegi-Immigrazioaren Euskal Behatokiak berriki argitaratu duen ‘Neurtu 2021’ txostenak utzi duen ondorio nagusietako bat.

Izan ere, txostenak agerian uzten duenez, kontraesan handia dago, alde batetik, inkestatutako herritarrek esaten dutenaren eta, bestetik, herritar horiek ikusi dutenaren artean. Horrela, euskal gizartea tolerantea da sexu- eta genero-aniztasunarekin, baina zenbait esparrutan LGTBI kolektiboak diskriminazioa jasaten duela onartzen du, bereziki, lan-esparruan. Horrela, biztanleriaren % 86k erakundeek LGTBI kolektiboaren aukera-berdintasuna bermatzearen alde dagoela adierazten badu ere, erdiak baino gehiagok sexu-joeragatik norbaiti buruzko iruzkin negatiboak entzun dituela onartzen du; % 18k mehatxu-kasuak ezagutzen ditu, eta % 13,5ek sexu-erasoen berri izan du. Azken horiek, gainera, gero eta ugariagoak dira gure artean.

“Neurtu 2021. EAEko aniztasunari buruzko barometroa: Sexu- eta genero-aniztasunarekiko pertzepzioak eta jarrerak” inkesta aitzindaria da Euskadin, askotariko gizarte-errealitatearekiko eta berdintasunarekiko eta diskriminaziorik ezarekiko konpromisoaren aurrean Euskadiko biztanleriak dituen jarrera eta irekitasuna aztertzeari dagokionez.

Txostenaren aurkezpenean, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasuneko zuzendari Monika Hernandok azaldu duenez, “EAEko gizartearen zatirik gehiena zabala da eta sexu- eta genero-aniztasunaren eta LGTBI kolektiboaren bereizkeriarik ezaren aldekoa da, batik bat araudi-alderdietan eta formaletan”.

Sexu bereko bikotekideen arteko ezkontzaren onarpena

Gay eta lesbianen ezkontza-eskubidearen inguruko onarpen-maila % 92,6koa da. Aldi berean, % 80tik gorakoa da LGTBI pertsonek ondorengoak dituzten familiak eratzeko eskubidearen inguruko onarpen-maila. Seme-alaba horiek adopzio bidez edo legez araututako beste bide batzuen bidez lortzea ondo ikusten da.

Era berean, inkestatutakoen % 91,4k uste du positiboa dela Administrazio Publikoaren arreta jasotzen denean berezko genero-identitatea errespetatzea. Ildo beretik, % 82,2k onartzen dute dokumentazio ofizialak “gizon” eta “emakume” aukera tradizionalak baino genero-aukera gehiago jasotzea. Gainera, biztanleen % 86,8 osasun-sistema publikoak sexua berresleitzeko eskubidea bermatzearen alde daude.

Hezkuntza arloari dagokionez, euskal biztanleriaren gehiengoa irakasleria sexu-aniztasunean trebatzearen alde azaltzen da eta lan-esparruan LGTBI pertsonekin lan-espazioa partekatzearen inguruko onarpen-maila % 95 ingurukoa izan arren, eremu horretan antzematen da gizarteak kolektibo horren aurka duen bereizkeriarik handiena: inkestatutakoen ia erdiak (% 48,6) uste du LGTBI pertsonek zailtasun erantsiak dituztela enplegua bilatzeko.

Sexu- eta genero-aniztasunarekiko euskal gizarteak duen jarrera tolerantea eta inklusiboa sexu- eta genero-aniztasunarekiko irekitasun indizean islatzen da. EAEren kasuan, aipatu indizea 75,77 puntukoa da (100 puntuko eskala batean). Balio horrek erakusten du EAEko gizartearen jarrera nagusiki zabala, tolerantea eta inklusiboa dela.

Ikerketak antzeman duenez erlijio-sinesmenak eta adina lirateke jarreren eta posizioen tolerantzia-mailan eragina duten faktoreak. Horrela, fededun ez diren eta gazteagoak diren horiek sexu-aniztasunarekiko eta LGTBI pertsonekiko jarrera irekiagoak azaltzen dituzte.

Diskriminazioak dirau

Hala ere, gehiengoak sexu- eta genero-aniztasunarekiko duen irekitasun eta onarpen formalari buruzko datu horiek ez datoz bat euskal gizarteak LGTBI kolektiboak jasaten dituen diskriminazio-datuekin. Horrela adierazi du Ikuspegiko zuzendari Julia Shershnevak EHUn egin den txostenaren aurkezpen-ekitaldian. Izan ere, bada arrakala esanguratsu bat jendeak ikusten eta esaten duenearen artean. Hortaz, inkestan parte hartu duten horiek errealitatean direna edo benetan pentsatzen dutena adierazten dutenean baino tolerenteagoak direla adierazten dute. Hau da, politikoki zuzena den erantzuna emateko joera handia dago.

Shershnevak azaldu duenez, “nahiz eta LGTBI pertsonekin lan-espazioa partekatzearen inguruko onarpen-maila % 95 ingurukoa izan, paradoxikoki, lan-eremuan antzematen du EAEko gizarteak kolektiboaren aurkako bereizkeriarik handiena: inkesta bete duten pertsonen % 48,6k uste du LGTBI pertsonek zailtasun erantsiak dituztela enplegua bilatzeko”.

Biztanleen % 60 inguruk aitortzen dute LGTBI kolektiboak ikusezintasuna eta mugak jasaten dituela norberaren identitatea aske adierazteko orduan. 

Oro har, LGTBI kolektiboak pairatzen duen diskriminazioaren inguruko pertzepzioa nahikoa baxua bada ere, EAEko biztanleen % 50 baino gehiagok diote entzun edo ikusi dituztela iruzkin edo zurrumurru negatiboak norbaiten inguruan, haren sexu-orientazioagatik eta/edo sexu- edo genero-identitateagatik, bai eta isekak, bromak, txisteak, imitazioak edo keinu iraingarriak ere. Ildo berean, biztanleen % 42,5ak dio, isekak entzun dituela, hala nola “marikoia”, “maritxua” edo “trabeloa”; eta % 17,9k dio badakitela kasu batzuetan, arrazoi berengatik, pertsona edo talde bat baztertua izan dela, parte hartzen utzi ez zaiola edo isolatua izan dela. 

Aniztasuna eta diskriminazioa

Txostenak EAEko biztanleek aniztasunaren eta, oro har, bereizkeriaren inguruan dituzten jarrera eta pertzepzioak ere aztertu ditu. Zentzu horretan, eta ezaugarri pertsonalei dagokienez, gehien ikusten den berezikeria (herritarren % 65,8k hala dio) ijitoek pairatzen duten hori litzateke. Ondoren, jatorri etnikoaren inguruko bereizkeria legoke, % 50,6k uste baitu oso edo nahiko zabalduta dagoela; transexualen edo transgeneroen ingurukoa (% 47,4), eta azalaren kolorearen ingurukoa (% 46,3).

Txostenean bada beste ondorio interesgarri bat. Izan ere, bertan jasotzen denez, euskal biztanleriaren ia hiru laurdenak onartzen du ez dakiela zeintzuk diren bere eskubideak diskriminazio baten biktima diren kasuetan. Eskubide horiek ezagutzen dituztela diotenen kopurua % 23 besterik ez da.